DATU PERTSONALAK:
Izena: Eduardo E. Lázaro Ezquerra
Adina: 51 urte (1960)
Lanbidea: Psikologoa
Jaioterria: Vitoria - Gasteiz. Madrilen bizi da.
TALDEA: Biktimen senideak.
GERTAERAK
ONDORIOAK
Hurrengo lerroetako lekukotasuna “El dolor incomprendido. El sufrimiento en las víctimas del terrorismo” liburuaren zenbait zati dira. Eduardo Lázarok berak eta Lucía Sutilek idatzitako liburua da, eta 2007an Bartzelonan argitaratu zuen Plataforma Editorialek.
“Atentatua gertatu eta handik hemeretzi urtera, epaiketan, gertatutakoa azaldu zutenean, pena handia sentitu nuen amak nahigabetuta eta isilik negar egiten zuela ikusita. Gizajoak ez zuen nahi inor konturatzea. Ez zuen nahi anaia eta bioi gaizki utzi”. (14. or.)
“Oso bitxia da ikustea nola sentitzen zaren aitaren hiltzailea aurrea duzunean. Blokeatuta zaude, buruan milaka pentsamendu pilatzen dira. Gertatutakoari buruzko alderdi garrantzitsuenen inguruan pentsatzeari utzi, eta itxura fisikoari buruzko garrantzirik gabeko zenbait zehaztasunen inguruan pentsatzen hasten zara. Emozioak txandakatzen dira, guztiz gorrotatzetik, tristura handi-handia sentitzera. Bat-batean aktibatzen zara, eta ondoren kikildu. Dena azkar amaitzea nahi duzu baina, aldi berean, ez duzu ezer galdu nahi. Zentzugabekeria iruditzen zaizu garrantzirik gabeko eta erantzun zalantzagarria duten edo, besterik gabe, erantzunik ez duten galderen elkarrizketa. Haiek egin zutenen edo ez ere zalantzan jartzen duzu, poliziak zalantzarik ez badu ere. Oso esperientzia zapuzgarria da; askotan zeure buruari galdetzen diozu zerbaitetarako balio zaizun hain zibilizatu izatea eta justizian sinestea. Besterik gabe, munduarekin, bizitzarekin berarekin haserre zaudela uste dut”.
“Zentzugabekeriaren sentsazioa ere izan nuen. Epaiketaren une batean terrorismoaren zentzugabekerian pentsatu nuen. Hantxe ziren beraien bizitzak eta nire senideenak suntsitu dituzten terroristak, zurezko eserleku batean eserita, kristalezko arrainontzian sartuta, noiz epaituko dituzten zain. Une hartan zer pentsatzen zuten jakitea gustatuko litzaidake. Handik espetxera joango ziren, hogeita hamar urteko kondena izango zuten, baina denak berdin-berdin jarraitzen zuen. Atentatuaren bidez aldatu nahi zutena, ez dute aldatzea lortu. Zentzugabea da. Gizon zintzo bat hilda, familia bat suntsituta eta bi terrorista espetxean sartuta. Zer zentzu du horrek? Nire ustez, biktimentzat epaiketa saihestezina da, eta aldi berean, saihestu daiteke. Ez genuen inoiz egia osoa jakin, behintzat, niri interesatzen zaidan egia. Ezin izan nuen ezta galderarik egin ere. Ezin izan nuen iritzia eman. Eta ezin izan nuen azaldu zer kalte jasan genuen familiakook. Ikusle hutsa izan nintzen. Etxera zapuztuta joandako ikuslea. Terroristak zigorraren zati bat bete eta espetxetik noiz irtengo diren zain nago, berriz gaizki pasatuko dut, aita hil zutenetik nirekin beti dudan ezintasuna sentituko dut”. (33. eta 34. or.)
“Aspalditik, egia esan, nerabetasunetik bizi izan naiz terrorismoarekin. Hasieran, etxean, kalean, telebistan entzuten nituen gauzengatik. Mehatxatzen zuten, hiltzen zuten, lehergailuak jartzen zituzten etab. Handik gutxira, hasi nintzen mehatxatutakoren bat, hildakoren bat edo bonba bat jasotako duen pertsonaren bat ezagutzen. Gogoratzen dut aitaren adiskide batek negozio bat zuela eskolarako bidean, eta egunero-egunero agurtzen ninduen; batzuetan gelditzen nintzen eta hitz egiten genuen. Agur esateko aukera izan gabe, hiltzaile batzuek goiz batean negozioan sartu eta hil egin zuten. Garai hartan, adiskide batzuen aita hil zuten alaba gazteena eskola utzi eta gero. Laster ulertu nuen guri, gure familiari ere egokitu ahal zitzaiola, eta hala izan zen”.
“Egun ikaragarri batean, osaba-izebaren etxean nintzela, telefonoz deitu, eta aita hil zutela iragarri ziguten. Izebak ez zidan ezer esan, baina ikusi nuen nola egiten zuen negar eta zer nolako penaz begiratzen ninduen, eta gertatutakoa ulertu nuen. Ia-ia une hartan bertan telebistan esan zuten. Esperientzia paregabea da, atentatu terrorista baten berri tragikoa entzun eta aita berri horren hildakoa izan. Pantailaren aurrean bakar-bakarrik zaude, eta egunero munduan zer gertatu den kontatzen dizun aurkezleak une hartan azaltzen dizu nola hil duten gehien maite duzun pertsonetako bat, eta ezin dugu ezer egin, ezta negar egin ere”.
“Ondoren, gorpua zuten ospitalera iritsi nintzen, ama atsekabetuta, eta anaia-arrebak beldurtuta zeuden. Familia bat ginen oraindik ere, baina inoiz ere familia bera. Bizitzako irudirik tristeena izan zen. Urte asko igaro dira, baina nirekin diraute irudi hori eta sentitutako mina. Zentzugabetasunaren biktima izateko hautatu gintuen terrorismoak; izan ere, zer da terrorismoa zentzugabekeria ez bada? Pertsona zentzudun batek uste ahal du hori guztia zerbaitetarako balio zuela?” (47. eta 48. or.)
“Aitaren atentatuak gauza asko aldatu zituen. Beti uste izan dut bizitzak baduela planifikazio-ildo bat, eta horrek markatu egiten dizula zer lerro jarraitu nahi duzun; baina, bestalde, zoriak ere ibilbidea desbideratzen du. Garai hartan, gaztea nintzen eta familiarekin bizi nintzen (gurasoak, bi neba-arreba gazteago eta amona) hiri txiki batean. UBI ikasten nuen, baina ez nuen argi zer ikasi behar nuen horren ostean. Edozein gauza ikasi ahal nuen; ikasle ona nintzen, egia esanda. Medikuntza eta Biologia nituen gogoko, baina aitaren lanbidea ere erakartzen ninduen. Horregatik, zenbait unetan, bi gauza egite pentsatzen nuen. Zoritxarraren ondorioz, bakar-bakarrik egin behar izan nuen aukeraketa. Aitak ezingo zidan aholkatu, eta ama atentatuaren ondorioz lur jota zegoen eta beldur handia zion geroari. Egoera horren ondorioz, bigarren aukera hartu nuen, familiarentzat ziurrena zelako eta aitaren lanarekin jarraitzeko aukera emango zidalako, militarra baitzen. Ez zen erraza izan. Batzuetan, dena utzi eta mendeku hartzeko gogoa nuen. Beste batzuetan, indartsu, bihozgabe ikusten nuen neure burua, eta beste muturrera jotzen nuen, neure buruaz soilik arduratzekora. Baina beti pizten zen familiarekiko interesa eta aitak erakutsitakoaren oroimena. Gizon zintzoa, eta aukeratutako bidetik gidatuko ninduen. Ikasi nuen, bulegoa lortu, eta ilusioarekin lan egiten hasi nintzen, familia bat osatu eta gizon zoriontsu izan nahi nuen. Handik aurrera, bizitzan gehiagotan izan dut arrakasta porrota baino. Bat-batean hazteko beharrari esker, bizitzako zenbait gauza baloratzen ikasi nuen, eta pertsona guztiek ez dakite horiek baloratzen. Nire ustez, izaerako zenbait ezaugarri nik neuk sortu ditut bizitako esperientziaren eraginez. Borrokalaria naizela uste dut. Horregatik El último mohicano filma asko gustatu zitzaidan. Protagonista beti korrika doa fusila hartuta menditik gora. Filmak erakusten du gogoa galtzen duena, hil egiten dela. Hori dela eta, nire bizitza pozgarria izan da zoritzarra gertatu arren: ez dut gogoa galdu, beti pentsatu izan dut nire bizitza, neurri handi batean, nik egiten dudanaren araberakoa izango dela. Terroristek aita kendu zidaten, baina ez hark emandako heziketa. Arrebari entzun nion atzo bertan esaldi hori. Arrebak ere argi dauka. Eta gauza bera esan dezaket amaren edo anaiaren inguruan. Beraiek ere euren gauzengatik borrokatu dute, eta zailtasunak izan badituzte ere, aurrera jarraitu dute eta bizitza pozgarria dute. Terrorismoaren zoritzarra pairatu duten beste pertsona batzuei esango nieke ez gelditzeko, aurrera jarraitzeko, penarekin, horrek uzten dituen ondorioekin, baina aurrera jarraitzeko. Atentatuaren ostean bizitza nolakoa den azal dezaketela. Zaila baina posible dela, eta, gainera, pena merezi du. Are gehiago, biktimaren bakartasunetik terrorismoari aurka egiteko ezagutzen dudan modurik zentzuzkoena dela esango nieke: bizitza pozgarri eta zoriontsu izatea, eta ez terroristek guretzat nahi zuten bizimodua”.
“Hau guztia esaten dut hainbat urte igaro direla eta zenbait akats egin ondoren. Erraza izan ez bazen ere, esperientziaren bidez ulertu dut alferrikakoa dela gehitutako sufrimendu guztia, terrorismoaren biktima garelako gure bizitzaz gozatzearen aurrean jartzen dugun erresistentzia. Guk edo maite gaituztenek gaizki pasatzeak ez du ezer konponduko. Merezi dugu proiektu bat eta ilusio berriak izatea. Ez dugu alferrik galduko terroristek kendu zigutena. Horixe da gure eskubidea”. (79. eta 80. or.)
“Hainbeste proiektu, hainbeste ilusio. Aita atentatu terrorista batean hil zutenean zer sentitu nuen eta azken urteotan zer sentitu dudan azaltzea ez zait erraza”.
“Azkenaldian, ondoko galdera egiten diot maiz neure buruari: hurbiltzen ari naiz berak hil zenean zuen adinera, eta bere eredua amaituko zait. Bizi zenean, beti pentsatzen nuen, seme-alaba guztiek egiten duten bezala, handitan bera bezala izan nahi nuela. Hil zenean, bere bizitza, bere eredua, bere aholkuak nire buruan grabatuta gelditu ziren eta orain arte horiek baliatu ditut. Baina une honetan hutsunea, zalantza-sentsazioa dut. Nola izango zen aita zahartzen zenean? Zer nolako harremana izango zuen gurekin? Eta ilobekin? Horretaz pentsatzen dudanean, galeraren tristura, saihestu ezin izanaren ezintasuna eta amorrua sentitzen dut berriz. Amorru bizia arrazoirik izan gabe kendu zigutelako. Horixe da terrorismoko biktimek sentitzen duten sufrimenduaren eta norbait galtzen duen pertsona baten sufrimenduaren arteko aldea. Ia-ia ezinezkoa da aitaren eta hainbeste biktimen heriotzak testuinguru natural gizatiar eta zentzuzko batean kokatzea. Naturala, heriotza bizitzaren prozesuaren parte dela onartzen badugu. Gizatiarra, istripuren edo akatsen batek zoritxarrez heriotza ekar dezaketela ulertzen badugu. Zentzuzkoa, neurritasuna edo kaltearen justifikazioa aintzat hartzen badugu”.
“Terrorismoak prozesu naturala eteten du, ez du gizakiaren mamia errespetatzen eta arrazoiketa gaitasuna zalantzan jartzen du. Horrek erakusten du terrorismoa jasan duten pertsonak minarekin bizi direla, baita hainbat urte igarota ere”.
“Baina honen bidez ez dut familia baten sufrimendua azaldu nahi, alde ona erakutsi nahi dut. Zoriontsu garela, gertatutakoa gertatu bada ere. Bizitzeko gogoa dugu. Norberak eta familiak zenbait gauza lortu ditu. Eta erakutsi dugu hiltzaileek ez dutela euren helburua lortu. Ez gaude beldurtuta. Terroristak hil dira, espetxean dira edo haien atzetik dabiltza. Guk, biktimok, bizitza pozgarria izan dezakegu, pertsona gehienek duten moduan, nahiz eta batzuetan triste egon, eta beste batzuetan mina sentitu, baina askotan alai eta zoriontsu bizi gara. Denbora joan ahala, ikasi dugu aitarekin bizitakoa hobeto baloratzen, bizi ezin izan duguna baino gehiago”.
“Atentatuaren ostean, ama alargun gelditu zen, 44 urte eta hiru seme-alaba zituen, 19, 16 eta 12 urtekoak. Senarrik gabe, gehien maite zuen gizona alboan izan gabe bizitzen ikasi behar izan zuen, hogei urte ezkonduta egon ondoren. Maite gintuen aita zintzoa gurekin izan gabe hezten jarraitu behar izan genuen anaia-arrebok. Hasieran oso zaila izan zen. Gure familian dena aldatu zen. Batzuetan, aitaren galerak gure presentziak baino indar handiagoa zuen. Geroa zalantzagarria zen. Beldur eta triste ginen. Ez zen erraza sentitzen genuenaz hitz egitea. Modu hartan urte asko igaro ziren, batez ere amarentzat. Baina ez ginen guztiz jausi. Denbora aurrera egin ahala, galera onartu eta gure familiaren eta norbanakoaren doluaren prozesua egin genuen, norberak bere erritmora. Lorpen txikiekin gozatzen hasi ginen. Elkarrekin ginen, eta oraindik familia bat ginela jakin genuen. Galerak beste modu batera eta ondo bizitzen erakutsi zigula ikasi genuen. Bizitzaren inguruan amets egiten”.
“Egun, ama oso harro dago gurekin, seme-alabekin eta ilobekin. Eta gu ere bai amarekin. Emakume indartsua dela erakutsi du. Anaia-arrebek eta nik neuk familia dugu, egonkortasun emozionala, ekonomikoa eta lan-egonkortasuna ere badugu, gaitzik gabeko bizitza dugu eta gure geroko proiektuetan egiten dugu lan. Borrokatu dugu eta, nolabait, irabazi egin dugu. Aukeratzen utziko bazioten, aitak guretzat zer nahiko lukeen pentsatzen dut”. (113-115. or.)