2000ko irailaren 14an ETAk José Ramón Recalderen aurkako atentatua egin zuen.  Etxeko atean terrorista bat zain zuen, pistola bat eskuan zuela, tiro egin zion eta tiroak ahoa zeharkatu zion. Atentatua izan eta handik hamalau egunera ospitalean alta eman zioten, eta egun, zenbait aho-hantura ditu eta zaila zaio hitz egitea.

DATU PERTSONALAK:

Izena: José Ramón Recalde Díez

Adina: 81 urte (1930)

Lanbidea / Kargua: Enpresa Zientzien Fakultateko Zuzenbideko katedraduna eta lanean den abokatu.  / Eusko Jaurlaritzako kide izan zen: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua (1987-1991) eta Justizia sailburua (1991-1995).

Familia-egoera: Ezkonduta. Lau seme-alaba.

Jaioterria: Donostia (Gipuzkoa)

TALDEA: Politikariak.

GERTAERAK

- 2000ko irailaren 14an ETAk José Ramón Recalderen aurkako atentatua egin zuen.  Etxeko atean terrorista bat zain zuen, pistola bat eskuan zuela, tiro egin zion eta tiroak ahoa zeharkatu zion.  Atentatua izan eta handik hamalau egunera ospitalean alta eman zioten, eta egun, zenbait aho-hantura ditu eta zaila zaio hitz egitea.
- Atentatua jasateaz gain, askotan mehatxatu dute José Ramón Recalde; horretarako, María Teresa Castells emazteak zuzentzen duen liburu-dendan pintadak egin eta zenbaitetan denda eraso dute.

ONDORIOAK

“Ez dut inoiz bizitza lasairik izan.  Hasieran kartzelan izan nintzen Francoren diktadurari aurre egiteagatik, eta kartzelan tratu txarrak eta torturak jasan nituen.  Ondoren, demokrazian, Eusko Jaurlaritzako kide nintzenez, ETAren mehatxua dela-eta nolabaiteko zaintza izan dut beti.  Dena eten zen atentatua jasan nuenean, 2000ko irailaren 14an. Ahoan tiro egin zidaten etxearen parean, emaztearekin batera berak zuzentzen zuen liburu-dendatik etortzen nintzela.  Handik aurrera, zaintza eta babes handiagoa izan dut”.

“Eusko Jaurlaritzan sartu nintzenean ondo nekien zelatatzen nindutela.  Zelatatzen ninduten horrelaxe izan behar zuelako, ez nik neure burua zelatatuta ikusten nuelako.  Atentatua aurretik jakiteko modukoa bazen ere, ustekabekoa izan zen.  Ez nuen espero, nahiz eta jakin gerta zitekeela.  Urte hartan lau adiskide eta lankide hil zituzten:  Fernando Buesa, Juan Mari Jauregi, Ernest Lluch eta José Luis López de Lacalle. Urte txarra izan zen”.

“Atentatua jasan nuenean ez nengoen Eusko Jaurlaritzan.  Enpresa Zientzietako fakultateko irakasle emeritua nintzen, zenbait eskola ematen nituen.  Tiroa eman zidatenetik, lana utzi behar izan nuen.  Erretiratu nindutela esan dezakegu”.

“Jaurlaritzako kide nintzenez, auto ofiziala eta eskolta nituen, baina ez ziren beti nirekin izaten.  Jaurlaritzara joan eta handik etortzeko ziren.  Atentatuaren ostean hasi nintzen beti eskolta eramaten.  Agian arriskua kalkulatu ahal zen, nik ez bainuen halakorik egin.  Baina hala gertatu zen, bizitza eroso izatetik, estutuago bat izatera.  Esan beharra dut ez dudala ezer eskolten aurka, eta batzuekin lagun-harremana ere badut, emaztea eta biok baten etxean izan gara Galizian”.

“Noizean behin, Herrizaingo sailburuaren txosten bat jasotzen genuen, nolabaiteko zentzura ere bazuen, bazekielako eskoltaren autoak etxean uzten gintuela eta ondoren gu kalera joaten ginela.  Ez genuen eskolta 24 orduz.  Ondorioz, eskoltaren babesa eramateak ez zuen eraginik nire bizitza pertsonalean; Eusko Jaurlaritzako kide izateagatik zegokidan zerbait zen.  Orain ez da horrela.  Eskolta daukat, baina etxetik kanpo zerbait egin behar badut, eskoltari deitu behar diot.  Eta nik hori betetzen dut.  Baten batek ez zuen bete eta ondorioak jasan zituen, esaterako, Orioko Udaleko zinegotzi sozialistak.  Eskolta joan ondoren, noizean behin, kartetan jolastera edo adiskideekin kafea hartzera joaten zen.  Hiltzaileek jakin zuten eta hil egin zuten”.

“Atentatua jasan nuenean ez nuen eskoltaren babesa, Jaurlaritzatik irten eta babesik gabe gelditu bainintzen.  Atentatuaren egunean emaztearen bila joan nintzen liburu-dendara.  Emaztearekin etxerako sarrera doazen eskailerak igo nituen. Atera iritsi ginenean, zulo beltz bat ikusi nuen, pistola baten kanoiaren borobila zen.  Tiroa sentitu nuen lehen.  Emaztearengana joan nintzen, arriskutik babesteko, besteak beste”.

“Emazteak zer gertatzen den galdetu zidan.  Nik, ahoan tiroa banuen ere, zenbait orduz hitz egin ahal izan nuen, eta tiroa izan zela esan nion.  Emazteak ez zekin nori egin zioten tiro, eta niri egin zidatela esan nion.  Ahoan tiroa banuen ere, eskailerak igo nituen etxeko lehen solairuraino, eta emazteari esan nion zein telefono-zenbakira deitu behar zuen, eta ondoren, seme-alabei ohartarazteko esan nion.  Gero pentsatu nuen agian hilko nintzela.  Emaztea konturatu zen eta esan zidan ez dela inork hil ahoan tiroa jasotzeagatik.  Zoritxarra bada ere, zortea izan nuen, jende asko hiltzen baita ahoan tiroa jasotzeagatik”.

“Tiro egin zuenak, behin egin zuen eta desagertu zen.  Ez da ohikoa. Ohikoena hiltzea da.  Ezin izan nuen ikusi, esan didate akusatu bat dutela, baina ez dut izena gogoratzen.  Agian berria zen eta, beraz, tiroa egin zuenean beldurtu zen”.

“Emazteak beste teoria bat zuen.  Txakur txiki bat genuen, baina ez zen oso babeslea, bizilagunei zaunka egin beharrean, guri egiten zigun ongietorria emateko.  Tiro egin zuena zain zegoen, eta agian ez zion zaunka egin.  Baina iritsi ginenean zaunka egin zuen, tiroa eman zidaten unean bertan.  Hiltzailea beldurtu omen zen eta ihes egin zuen”.

“Atentatuaren ondorioz, masailezurra txikitu zidaten eta mingaina ere kaltetu zidaten, oraindik ere ezin dut normaltasunez hitz egin.  Arrasto hori gelditu zait.  Horrez gain, ia-ia hilabetean behin edo bitan beheko baraila, hortzoia, handitzen zait.  Une hartan, ebakuntza larria egin zidaten, baina ni ez nintzen horren jakitun”.

“Erretiratu behar nintzela eta tiroa eman eta gero erretiratu nindutela, zenbait egunkaritarako idazten jarraitu dut, zenbait hitzaldi eman ditut, hitz egiteko zailtasunak izan arren, eta demokraziaren aldeko zenbait ekintzatan parte hartu dut”.

“Atentatuaz gain, beste egoera oso bortitz batzuk ere jasan ditut, adibidez, emazteak eta beste bazkideak zuzentzen zuten liburu-dendan.  Hainbat eraso gertatu ziren han.  Liburu-dendari niri gertatutakoaren antzeko zerbait gertatu zaio:  hasieran Francori egin zion aurka eta ondoren ETAren erasoak jasan ditu.  Emazteak Francoren aurka grebarako piketeak sustatu ere egiten zuen; eta pikete horiek batzuetan pertsona bakarrekoak ziren, esaterako, Donostiako Alde Zaharreko dendetara joan zen eta ixteko eskatu, ETAko bi pertsona hil behar zituztelako (Txiki eta Otaegui).  Francoren aurkakoak izan gara eta, nola ez, heriotza-zigorraren aurkakoak.  Une hartan, liburu-dendak muturreko eskuineko talde batzuen erasoak izan zituen; kristalak harriekin hausten zituzten.  Baina horrek ez du zerikusirik ETAren jazarpenarengatik liburu-dendak jasan dituen erasoekin”.

“Uste dut 1996an izan zela, Eguberritik Donostia Egunera (urtarrilaren 20an) 20 eraso jasan zituen: kristalak hautsi, liburuen gainean margotu, liburuak erre… Oraindik ere, estatu demokratikoak ETA garaitu duela, orain dela urtebete baino gutxiago liburu-dendan pintada bat egin zuten: niregana zuzendutako heriotza-mehatxua zen, itua eta barruan RIP José Ramón Recalde idatzi zuten. Badakit batzuek ez nautela ahaztu”.

“Zenbait azterketa soziologikoren arabera, jendeak ez du nahi atentaturen bat jasan duen eta eskoltarekin doan politikariren bat auzoko bizilagun gisa izan.  Niri ez zait hori gertatu.  Erantzuna ona izan da, eta gainera maitasuna hartu diet.  Nekatzen nau leku guztietara eskoltarekin joan behar izanak, besterik ez”.

“Ez naiz aldatu eta ez dut inoiz beldurra izan.  Ez naiz tiroa eman zidaten hiltzaileekin adiskidetu.  Gainera, berdin zait nor izan den.  ETArekiko tartea utziz bizitzen saiatzen naiz, baina ETAren fenomenoa Espainia osoarentzat eta Euskadirentzat oso larria dela uste dut. Hori dela eta, pentsatu behar dugu kriminalen bandaren behin betiko desagerpenaren inguruan.  Bestela, nolabaiteko axolagabetasunaz ez bada, nolabaiteko tartea utziz ikusten dut”.

“Baliteke beste atentatu bat jasatea, baina ez nago horren zain.  Lehen gauza bera gertatu zitzaidan, gerta zitekeela kalkulatuta nuen baina ez nuen espero”.

“Atentatuaren ostean, gizarteak babes handia eman zidan.  Donostian manifestazio handi bat egin zuten, kontatu didatenaren arabera, eta emazteak, seme-alabek eta milaka pertsonak parte hartu zuten.  Atentatuak gaitzespen handia sortu zuen”.

“Orain dela zenbait hilabete esan didatenez, berriz ireki dute nire kasuaren sumarioa, komandoko hiru kideri leporatzeko moduko zenbait froga dituztelako.  Ez dut gogoratzen nola deitzen den tiro egin zuena.  Galdetuz gero, jakin dezaket, baina ez zait axola.  Akusazioaren arabera, “Txapote”ri egotzi diote komandoaren zuzendaritza”.

“Nik uste dut nire aurkako atentatua egin zutela Eusko Jaurlaritzako kide izan nintzelako, politikari sozialista izan naizelako eta indarkeriaren aurkako idazki batzuk idatzi nituelako, nahiz eta Francoren garaian indarkeriagatik heriotza-zigorra jasan zezaketenen alde egin.  Atentatua egin zutenean, 2000. urtean, ez nintzen politikari.  Nire biografia nahiko amaitutzat zegoen.  Baina ondoren bukaera garrantzitsua omen zetorren”.