1980ko urriaren 23an, Komando Autonomo Antikapitalistek aita bahitu, galdekatu eta buruan tiro eginez hil zuten Donostian. Juan Manuel García Cordero Gipuzkoan Telefónica enpresako ordezkari zen eta 53 urte zituen. Iñakiren familiak erabaki zuen beste leku batera bizitzera ez joatea eta Donostiako familia-etxean jarraitu zuten.

DATU PERTSONALAK:

Izena: Iñaki García Arrizabalaga

Adina: 50 urte (1961eko abuztua)

Lanbidea / Kargua: Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campusean Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko irakaslea. / EITB (Euskal Irrati Telebista) administrazio-kontseiluko kide da. Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuneko zuzendaritza-batzarreko kide da.

Familia-egoera: Ezkonduta. Bi alaba.

Jaioterria: Donostia (Gipuzkoa). Egun, Zizur Nagusian (Nafarroa) bizi da.

TALDEA: Biktimen senideak.

GERTAERAK

- 1980ko urriaren 23an, Komando Autonomo Antikapitalistek aita bahitu, galdekatu eta buruan tiro eginez hil zuten Donostian. Juan Manuel García Cordero Gipuzkoan Telefónica enpresako ordezkari zen eta 53 urte zituen.
- Iñakiren familiak erabaki zuen beste leku batera bizitzera ez joatea eta Donostiako familia-etxean jarraitu zuten.
- Atentatuaren ostean, Iñaki Garcíak gorroto-sentimendu handia zuen, eta horrek bere bizitza hondatzen zuela ikusi zuen. Hori dela eta, energia gorrotatzeko erabili beharrean, bakearen alde lan egiteko erabiliko zuela erabaki zuen, eta zenbait antolakundetan izan da. ETAko preso disidente batekin biltzea ere onartu du, biktimen eta biktima-eragileen arteko topaketa-programa baten bidez. Barne Ministerioak antolatu du aipatutako programa.

ONDORIOAK

“Familian aita, ama eta zazpi seme-alaba ginen. Donostiako Gros auzoko etxebizitza batean bizi ginen.  Aita hil zutenean, nik 19 urte nituen.  Hiru anaia-arreba zaharragoak ziren, eta bi arreba gazteago nituen.  Familia normal-normala zen. Aitak beste baten kontura egiten zuen lan, eta ama etxeko lanez arduratzen zen. Seme-alaba guztiok ikasten genuen, batzuk eskolan ziren eta beste batzuk unibertsitatean, adinaren arabera. Nire ustez, familia oso normala zen, Donostiako familia klasiko bat ginen”.

“Aita Telefonicako probintzia-ordezkaria zen, hau da, Gipuzkoan konpainiak zuen goreneko ordezkaria zen. Estatu mailako enpresa bat zen, garai hartan Espainian genuen telefono-konpainia bakarra zen.  Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten 1980ko urriaren 23an. Garai hartan, nik Deustuko Unibertsitatean ikasten nuen, eta bizikletaz joaten nintzen klasera.  Egun hartan euria ari zuen. Aitak galdetu zidan ea nahi nuen unibertsitatera berarekin autoz joan, baina ezetz esan nion, bizikletaz joango nintzela, egunero bezala”.

“Klasean nengoela, anaia nagusia etorri zen. Esan zidan gelatik irteteko, zerbait gertatu zela, baina ez zekien zer. Aita ez zen lanera heldu, eta etxera deitu zuten zerbait gertatu den jakiteko.  Aita oso ohitura metodikoak zituen, eta lantokira heldu ez izanak harritu gintuen. Etxera joan ginen eta esan ziguten Donostiako Ulia mendian, gure etxetik gertu, gorpu bat aurkitu zutela.  Aitaren gorpua zen. Komando Autonomo Antikapitalistek bahitu zuten, Ulia mendira eraman zuten, galdekatu omen zuten eta, ondoren, odol hotzean buruan tiro eginez hil zuten”.

“Orain dela gutxi, Komando Autonomo Antikapitalistetik oso hurbil dagoen argitaletxe baten liburu bat irakurri nuen. Liburuan, aitaren heriotza justifikatzen zuten, poliziak esaten baitzion zer telefono-zenbaki esku hartu behar ziren, eta aitak Telefonicari agindua ematen zion zenbakiak esku hartzeko. Horren ondorioz, zenbait komando hartu eta desartikulatu omen zituzten. Egun, hori  normaltzat jotzen bada ere, hots, epailearen erabakiaren bidez zenbait telefono-zenbaki esku hartzea, garai hartan ez zen ohikoa. Aitaren hiltzaileek aitzakia hori jarri zuten:  Telefónica konpainia Estatuaren errepresio-aparatuen enpresa laguntzailea zela. Mundu ameslari horrek erabiltzen zuen parafernalia eta lengoaia erabiliz, aita horregatik bahitu zuten, Telefonicak erabiltzen zuen sistemaren nondik norakoez galdetu zioten eta egun hartan bertan hil zuten”.

“Atentatua baino lehen aitak ez zuen inoiz eskoltarik izan. Ez zuten inoiz mehatxatu. Autoz bakarrik joaten zen lanera, familiaren autoa zen. Etxean ez genuen gizazain edo antzekorik, askatasun osoz mugitzen ginen. Nik uste dut ezusteko handia izan zela, nola ez, familiarentzat, baina baita enpresarentzat eta gizarte osoarentzat ere. Ez zuen mehatxurik jaso, ezta gutxiago ere. Ezin zen pentsatu aitaren aurkako atentatua gauzatuko zutenik, ez zutelako aldez aurretik mehatxatu eta ez ziotelako inoiz esan talde terrorista baten helburua zenik. Oso bizitza normala zuen”.

“Imajinatu zer nolako egoeran gelditu zen emaztea, alargun eta zazpi seme-alaba dituela.  Mundua gainean erotzen zaizu. Egun batetik bestera, nahi gabe, terrorismoaren biktimen zerrendan sartzen zara. Shockaren unea igarota, non gertatu denaren errealitatea barneratzen eta aita hil dutela gainditzen joan behar duzun, aurrera jarraitu behar duzu”.

“Une jakin batean, amak galdetu zigun Donostian jarraitu nahi genuen edo kanpora joan nahi genuen, adibidez, Madrilera. Denok esan genion hemen jarraitu nahi genuela, ez genuela ezer ezkutatzeko edo lotsatzeko. Gure lagun, gizarte-harreman eta lan-harreman guztiak hemen genituen, ez ginen zertan ezkutatu. Ausartak izan ginen eta Donostian bizitzen jarraitzea erabaki genuen.  Aitari egindako omenaldi txikia izan zela uste dut: ez ginen zertan ezkutatu, ez genuen lotsatuta umil-umil alde egin. Aita hil ziguten, baina guk hemen jarraitzen dugu, gure lurraldean, gure hirian, gure auzoan. Amak jarraitzen du garai hartako etxean”.

“Aitaren hilketak hunkipen eta ez-usteko handia sortu zuen, ez zuen inork espero. Ez zuen mehatxurik izan. Gizarte zibileko pertsona bat zen.  Hasieran oso babestuta ikusi genituen geure buruak. Gogoratzen dut agintari asko etorri zirela etxera eta hiletara. Baina botila bat xanpain irekitzea bezala izan zen: hasieran burbuila asko eta indar handia, baina handik zenbait egunetara, aurrera jarraitu behar duzu, eta ez duzu alboan bisita egiten dizun agintaririk, ez duzu animatzen zaituen politikorik. Une batean, bakar-bakarrik ikusten duzu zeure burua. Familia eta zu, aurrerantzean bizi behar duzun errealitatearen aurrean. Ingurune horrek babes handia eskaini zigun hileta-egunera arte, eta ondoren, ezer gutxi. Eta une hartan ikusten da zer jende dagoen gurekin, hurbileko senideak, adiskideak… Logikoa denez, halako momentutan oinarrizko elementu horri heldu behar diozu”.

“Argi esan behar dut ez nuela erosirik edo aurkako erantzunik jasan lankideen eta ikasketa-adiskideen eremuan. Bizilagunek eta adiskideek jarraitu zuten gurekin hitz egiten. Ez genuen bazterkeriarik sentitu. Kontuan izan behar dugu anaia-arrebok aisialdiko elkarte batzuetan, scout mugimenduan, gazte-elkarte batzuetan etab.etan parte hartzen genuela, eta gure gizarte-sarea nahiko zabala zela. Sare sozialak ere babestu eta giza berotasun handia eskaini zigula uste dut.  Ez genuen inoiz bazterkeriarik edo isolamendurik sentitu”.

“Baina gogoratzen dut zenbait anekdota gertatu zirela. Aita hil ondoren, jarraitu nuen unibertsitatera bizikletaz joaten, eta hilabete edo hilabete eta erdiz nire presoei buruzko kartel bat bizikletari itsatsita aurkitzen nuen. Bigarren bitxikeria: unibertsitatean hileta ere egin zen, Alfredo Tamayok egin zuen,  beraren ekimena izan zen. Zenbait egun lehenago unibertsitateko ikasle bat atxilotu zuten, aitaren hiletara zenbait pertsonaren artean sartu ginen, ikasle atxilotuaren askatasuna eskatzen zuten kartelak eramaten zituzten pertsona horiek. Gogorra izan zen”.

“Donostian kalera irten eta zenbait pintada, manifestazio ikusi genituen… Baina ez dugu horrekin bizi behar etxetik irten bezain pronto. Donostian bizi gara, eta hiri honetan Gipuzkoako udalerri txikietan baino jarrera irekiago dugu, eta liskarra ez da gure ohiko giroa izan. Ez ditugu jarrerak edo portaerak zertan aldatu”.

“Egun batetik bestera hasi nintzen zenbait arazotan pentsatzen, 19 urterekin ez baituzu halako gauzak ikusten. Familia ugaria eta ama etxeko andrea zen. Jaten jarraitu behar genuen.  Hasieran, amak aurrezkiak erabiliko zituen. Enpresak ere kalte-ordaina eman zion. Baina garai hartan administrazioak ez zigun ezer eman. Ez genuen laguntza materialik edo ez-materialik jaso. Terrorismoaren Biktimen Legea onetsi zenean familiak kalte-ordaina jaso zuen, 2000ko uztailean, alegia. Baina hasierako urtetan, erakundeek ez ziguten laguntzarik eman, ez udalak, ez estatuak. Politikariren batek, banaka, elkartasuna erakutsi zigun. Baina erakundeek ez. Garai gogorra ere bazen eta, gainera, Donostia urtean hilketa gehien zituen hiria zen”.

“Amak agintea hartu, eta familia aurrera ateratzea erabaki zuen. Seme-alaba guztiek ikasketak amaitu genituen. Guztiokin aurrera egin zuen. Ama emakume ausarta, langile eta borrokalari izan zen. Zazpi seme-alaba zituela nola egin zuen aurrera ikusi eta egindakoa onartu behar zaio.  Bestalde, rolak aldatu ziren, figura garrantzitsu bat, aitarena, falta zitzaigun. Askotan, aita eta amarena egin behar izan zuen amak; anaia-arrebek elkarrekin lagundu genion, batez ere, gazteenengan pentsatu behar izan genuen. Baina ama izan zen, argi eta garbi, aurrera egiteko motorra”.

“19 urte nituela hasi nintzen ikusten mundua benetan zer den. Bat-batean, oinen azpiko belarra mozten dizute eta konturatzen zara bizitza luze duzula aurrean eta ibiltzen jarraitu behar duzula.  Zenbait bizitza-proiektu jausi egin ziren. Zenbait plan aldatu eta beste modu batez egin behar izan nituen. Baina egin, egin nituen”.

“Norbaitek bat-batean aita hiltzen duenean, hasieran ez duzu sinesten, ondoren hasten zara barneratzen eta, azkenik, aita hil dutela jakiten duzu. Gertatutakoa onartu ondoren, lehen erantzuna ondokoa da: odolak odolari zor, mendekua, zer kalte egin dizuten pentsatzen duzunean, zeuk ere egin behar diezula uste duzu. Hasieran, gorroto handi-handia sentitzen duzu.  Norbaitek bizitza hautsi dizu, zure familiaren bizitza osoa aldatu du, eta haiei ere kendu nahi diezu. Denbora luzez gorrotatzen bizi nintzen, eta oso gorroto handia zen gainera. Mendekua, liskarra bilatu nahi nuen…”.

“Pixkanaka-pixkanaka ikusi nuen gorrotoak neure burua suntsitzen zuela. Gainera, ondoren inguruan sartu eta inguruko guztia apurtzen du: harreman pertsonalak, familia-harremanak, lanekoak… Gorrotoa, gainera, oso militantea da, egunean 24 orduz eta egoera guztietan gorrotatzea eskatzen baitu. Une jakin batean ezin nuela hala jarraitu, nire bizitza suntsitzen nuela erabaki nuen. Jende horrek aita hiltzeaz gain, nire bizitza ere suntsitzen ari zen. Putzu batean sartuta nengoen, eta une jakin batean handik irten behar nuela erabaki nuen”.

“Oso garrantzitsua da konturatzea handik irten nahi duzula, eta, gainera, irteteko mekanismoak eta aukerak izan behar dituzu. 1986an, Cristina Cuestak Euskal Herriaren Bakearen Aldeko Elkartea sortzeko deia egin zuenean, barruan nuen energia negatibo guztia zerbaiterako balioko zuen indar bihurtzeko aukera sortu zitzaidan. Euskal Herriaren Bakearen aldeko Elkartearen proiektuarekin bat egitea erabaki nuen, eta 1986tik elkarte horretan egin dut lan, ondoren Gesto por la Paz Koordinakundean eta Denon Artean Paz y Reconciliación elkartean”.

“Zenbait gauza ezin dira inoiz gainditu. Gertatutakoak bizitza osoa markatuko digu. Ez du inork ahaztu, baina ikasi dugu horrekin bizitzen. Gure bizitzetan kokatu dugun zerbait da, baina ez digu bizitzea eragozten. Nire ustez, familiakoek, edo behintzat anaia-arrebek, ez dute euren bizi-proiektua eten aitari gertatukoagatik. Eta berriz diot, amari esker batez ere. Ezagutzen ditut halako trauma edo esperientzia osteko larritasuna duten beste biktima batzuk. Zorionez, familiakoei ez zaigu halakorik gertatu”.

“Aitaren kasua ez da epaitu, eta seguru aski, delituak preskribatuko du, ez badu preskribatu dagoeneko. Familian dakiguna, gutxi, komunikabideen bidez jakin dugun. Administrazio Publikoak edo Auzitegi Nazionalak ez digu inoiz esan zein egoeratan dagoen aitaren hiltzaileen espedientea. Argi eta garbi, aitaren hilketarekin ez da justiziarik egin. Hiltzaileak kalean daude, ez dituzte atxilotu, ez dituzte epaitu, ez dituzte espetxean sartu… Ez da justiziarik egin, eta uste dut ez dela justiziarik egingo”.

“Nik biktima-eragile batekin hitz egin dut, baina horrek ez du esan nahi aitaren hiltzailearen kasuan justiziarik exijitzen ez dudanik, baita terrorismoko biktima guztien kasuan ere. Bi gauza dira. Justizia-eskaera sendoa da. Terrorista guztiak atxilotu behar dituzte, bidezko epaiketa izan behar dute eta, kasua balitz, espetxean sartu beharko dituzte.  Horixe da justizia-eskaera. Eta horrekin lotuta, egiaren eskaera dago: jakitea nortzuk izan diren, zer egin duten, nortzuk lagundu duten…”.

“Beste gauza bat da, eta aurrekoarekin ez du zer ikusirik, nik onartu egin dudala ETAko kide batekin biltzea, odol-delituak egin dituen terrorista batekin. Pertsona hori egindakoaz damutzen da, iraganari buruzko autokritika egin du, egindako kaltea onartu nahi du eta, batez ere, barkamena eskatu nahi du. Ez zen aita hildako komando berekoa, baina zenbait odol-delitu egin zituen. Barkamena eskatu zidan. Nik zintzoa zela, benetan esaten zuela, ez zuela onura materialik edo espetxe-onurarik lortzeko esan ikusi nuen, eta bilera egitea onartu nuen. Hobe litzateke ETAko preso guztiek bide horretatik eta egoera horietan sartzea erabakiko balute.  Benetan egindakoaz damutzen zela ikusi  nuen, autokritika egiten zuen, egindako kaltea onartzen zuen, eta pertsona horrek bigarren aukera bat merezi zuela pentsatu nuen. Pertsonak gara, ez naiz nor berari hori ukatzeko”.

“Barkamena ezin zaie terrorismoko biktima guztiei exijitu. Barkamena guztiz librea da.  Ezartzea oker larria litzateke. Pertsona horrek barkatzeko eskatu zidan, eta eragindako biktima guztien senideei eskatu behar ziela, baina nik, pertsona gisa, barkatzen niola esan nion.  Terrorismoko beste biktima batzuek barkatu nahi ez badute, ondo ulertzen dut, barkamena librea baita. Baina uste dut terrorista guztiek onartu beharko luketela kalte handia eragin dutela eta barkatzeko eskatu beharko lukete”.

“Ezker abertzaleak beldur handia die ETAko presoak gizarterako berreskuratzeko banakako neurriei. Denontzako neurri bat nahi dute. Amnistia amnesiaren zentzuan, iragana ahaztu nahi dute. Hori ezin dugu onartu. Ezin dugu egin ezer gertatuko ez balitz moduan. Norberak modu kritikoan egin behar die aurre bere ardurei. Bai tiro egin zuenak, bai etxean edo ideologia aldetik babesa eskaini zuenak. Autokritika oso gogorra da. Denborak behar du, baina iritsiko da.

“Kezkatzen nauen beste gauza bat dira deskontaminazio etikako prozesuak deitzen ditudanak.  Hemen jende askok intolerantzia bizi, horretan hazi eta barneratu du harremanak izateko modu bakarra balitz moduan. Oso zaila da hori guztia desmuntatzea. Nola berreskuratuko ditugu bizitza normalizaturako intolerantzia eta ezarpena baino praktikatu ez duten pertsonak? Deskontaminatzeko prozesuan heziketak indar handia du, eta oso garrantzitsua da”.

“Nire ustez, ezin da baldintzarik ezarri biktimei egindako kaltea konpontzeko. Presoen gaia “Langraiz bidearen” bidez lantzen bada, biktimarentzat irteera kolektiboa baino bide hobea da.  Legea han dago, zuzenbideko estatutan dut konfiantza. Badira zenbait espetxe-onura, eta Legeak ezarritako egoerak betetzen badira, onartu behar dira. Biktima gisa, ezin naiz horren aurka jarri. Hobeto edo okerrago irudituko zait, baina legea da eta onartu beharra dut, beste herritar guztiek bezala. Beste gauza bat da biktimen mina agian zenbait baldintzatan txikitu daitekeela. Adibidez, gizarte-onarpenaren bidez, edo eskoletako ikasgeletan gure ahotsa entzunarazteko ekimenaren bidez. Memoria ez galtzea eta gertatutakoa ez ahaztea lagundu ahal digu biktimoi”.

“Honen guztiaren inguruan zer kontaketa geldituko den ere kezkatzen nau. Zer irakurriko duten geroko belaunaldikoek Historiako eskoletan. Terrorismoaren biktimen nagusitasun moralaren kontaketa gelditu behar da; izan ere, biktimek ez dute erasotzaileen aurka aurkakotasun zibileko prozesu bat eragin, ez dute indarkeria bultzatu, antzeko beste gatazka batzuetan gertatu bezala, adibidez, Europan. Alderantziz:  terrorismoaren biktimek seme-alabak tolerantzian, errespetuan hezi dituzte, eta jakin izan duten ekintza-erantzun sorgin-gurpila apurtzen. Horrek nagusitasun morala ematen digu; hortaz, terrorismoaren biktimen kontaketa gelditu beharko lirateke, honen guztiaren benetako protagonistak baitira”.

“Izatez baikorra naiz. Nik uste dut egungo egoera itzulezina da. ETAren terrorismoa amaitu dela, ezin duela atzera egin uste dut. Bizikidetza eraiki behar dugu gerora begira. Une honetan bi erronka garrantzitsu ditugu: presoena eta biktimena. Zuzenbideko estatuari gauza bakarra eskatzen diot: amore ez emateko eta legeak betearazteko”.