DATU PERTSONALAK:
Izena: Josu Elespe
Adina: 36 urte (1975)
Lanbidea: Kontratu-burua enpresa pribatu batean.
Familia-egoera: Ezkonduta. Alaba bat.
Jaioterria: Donostia (Gipuzkoa).
TALDEA: Biktimen senideak.
GERTAERAK
ONDORIOAK
“2001eko martxoaren 20an, 14:40an, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) taberna baten barruan, ETAk aita hil zuen garondoan tiro eginez. Aita tabernan gelditu zen tabakoa erosteko eta zerbait hartzeko etxera bazkaltzera joan baino lehen. Gazte bat atzetik hurbildu zitzaion eta garondoan tiro egin zion; beste bat kanpoan zain zegoen elkarrekin ihes egiteko. Aita segituan hil zen. Tabernaria izan zen lekuko bakarra, nire aitari bizkarra emanez zegoen. Aita udalerri horretako PSEko alkateordea izan zen udalerria 1985ean osatu zutenetik (ez dakit data zehatza). Ez zuen inoiz mehatxurik jaso, guk dakigunez, eta ez zuen inoiz bere burua benetan mehatxatuta ikusi”.
“Garai hartan, ETAk batez ere PPko kargudun publikoen aurka egiten zuen, eta lehen PSEko lehen zinegotzia izan zen aita. Data hartatik aurrera, PSEko hautetsi guztiak eskolta eramaten hasi ziren. 2001an Espainian PPk gobernatzen zuen, eta Euskadin EAJk. Alderdien arteko tentsio eta tarte politikoa handia zen, batez ere terrorismoa zela-eta. Alderdi politikoen arteko aldeak handiak ziren, eta euskal nazionalisten eta nazionalista ez zirenen arteko banaketa argi ikusi zen aitaren hilketaren ostean hilketa kondenatzeko eta errefusatzeko antolatu ziren ekitaldietan. Nolabait, batzuek terrorismoa eta horien ondorioak arma politiko moduan erabiltzen zituzten, eta beste batzuek terrorismoaren ondorioak bazter uzten zituzten”.
“Ondo gogoratzen dut atentatuaren egunean Ataunen nintzela. Lagun baten telefono-deia jaso nuen, eta Lasarten atentatu bat gertatu zela eta aita tartean zela esan zidan. Ez zidan gehiago azaldu. Etxera deitu nuen eta telefonoak komunikatzen zuen. Autoan sartu, eta irratian entzun nuen aitaren aurkako atentatua gertatu zela eta aita hilda zegoela. Lasarterako bidea amesgaizto bat balitz gogoratzen dut, irrealtasun sentsazio handia nuen. Herrira iritsi nintzen eta inguratuta zegoen. Irratian entzundakoa egia zen, infernuan sartu nintzen une hartan”.
“Nire bizitza goitik behera aldatu zen. Hasierako aste nahasturen ostean, eta gertatukoaren errealitateari aurre egiteko orduan, ezagutzen ez nituen zenbait sentimendu izaten hasi nintzen: amorrua, gorrotoa, frustrazioa, estutasuna. Denbora luze, galduta eta norabiderik gabe izan nintzen. Nire bizitzarekiko norabidea galduta nuen, aurrean nuena ikaratzen ninduen, eta zama handiegia eramateko beharra nuen.
“25 urte nituen garai hartan, Ingalaterratik etorri berria nintzen, ilusio asko eta hainbat proiektu nituen, eta ETAk hori guztia suntsitu zidan”.
“Lana utzi, eta graduatu ondoko ikastaro bat hasi nuen. Pentsatzeko astirik utziko ez zidan errutina behar nuen. Ikastaroa amaitu nuen eta laster hasi nintzen lanean. 3 edo 4 urtez zenbait lan izan nituen; lan horiek ez ninduten betetzen, baina ni neu nintzen arazoa”.
“Familiari dagokionez, laguntza izan nuen, batez ere garai hartan neskalaguna zen eta egun emaztea eta alabaren ama den emakumearena. Adiskideengan eta senideengan babestu nintzen, hasiera-hasieratik aitaren heriotza bizi izan zuten konfiantzazko pertsonengan. Jendearengandik asko isolatu nintzen, eta kontsolamendua beti gustuko izan ditudan bidaien bidez bilatzen nuen; une hartatik aurrera, bidaiak behar bihurtu ziren”.
“Urte askoz, bisitatzen nituen lekuek eta ezagutzen nituen pertsonek baldintzatzen ninduten. Hala ere, zorte handia izan dut, gizatasun handiko pertsonak ezagutu ditut, eta une txarrenetan lagundu eta ulertu didate. Pertsona anonimoak dira: gure euskal gizarte konplexu eta kontraesankorraren batezbestekotik gora daude. Gogoan dut lehenengo astetan telegrama eta eskutitz ugari jaso genituela laguntza eskainiz, eta gizakiekiko berotasuna eman ziguten”.
“3 edo 4 urtez pertsona izorratu, bizitzarekiko minduta eta nahigabetutako umemoko heldugabe bihurtu ninduen ETAk. Gazte izateari utzi eta gizon izan behar nuen eperik eta egokitzeko aldirik gabe”.
“Gertatukoari aurre egitea erabaki nuen. Erabaki nuen putzuan, lokatzan sartzea, ondorio guztiekin, ondoren aske irten ahal izateko”.
“Urte haietan, urik eta iparrorratzik gabe basamortutik ibiltzea bezala izan zen nire bizitza. Aitaren hiltzaileak eta beraien mundua gorrotatzeari uztea proposatu nion neure buruari, arrazoi etikoengatik, baina baita arrazoi pertsonal batengatik; izan ere, gorrotoak norberari baino ez dio kalte eta min sortzen. Gorrotoak geldiarazten ninduen, eta ez zidan uzten atentatuaren aurretik nintzen pertsona berriz izaten”
“Gaur egun, ez ditut aitaren hiltzaileak eta beraien mundua gorrotatzen. Neure burua gorrototik at kokatzea lortu nuen, eta horrek poztasun eta askatasun pertsonal handi-handia ekarri zidan. Nire bizitza ez da lehengoa, eta ni ez naiz garai hartakoa. Urte ilunetan, amorrua eta frustrazioa gainditzen, neure burua indartzen, arazoak erlatibizatzen eta pertsonak eta bizitza baloratzen ikasi nuen”.
“Ondo nago. Zenbait arazo ditut ebazteke, baina denbora joan ahala gainditzea espero dut. Urte hauetan, hazi naiz eta nire printzipioak finkatu ditut. Ezingo nuela pentsatzen banuen ere, zenbait gauza egitea, hainbat beldur gainditzea lortu dut. Ekintza traumatiko bati egin diot aurre, eta irabazi dudala uste dut”.
“Asetzen nauen bizitza lasaia egiten dut, zaletasunekin gozatzen dut, lan egonkorra dut eta familia eta adiskide bikainak ditut, asko maite ditut eta asko eskertzen diet eskaini didaten laguntza”.
“Ez naiz ezeren biktima sentitzen. Ez zait hitz hori gustatzen, eta ez dut neure bizitza osoan kalifikatzaile hori eraman nahi. Euskadin bizitzen jarraitzen dut. Bizilekuak eta ikusten dudanak ez nau baldintzatzen. Bidaiatzen jarraitzen dut, baina hainbeste premiarik gabe”.
“100 urte bizi nahi ditut, dagoeneko ez dut galdutako denbora berreskuratzeko estutasuna. Urte ilunek orain naizena izaten lagundu didate”.
“Bi urteko alaba dut. Alaba nire oraina eta etorkizuna da. Zoriontsu eta pozik haz dadin nahi dut, ez dut nahi aitak bizitutakoarekin baldintzatu. Euskadiko indarkeriaren aurkako borrokari egingo dion ekarpen eta utziko dion legaturik handiena ondokoa da: desberdinekiko errespetuan eta gorrotorik gabe heziko dut alaba. Hori da nire helburua, eta ETArekiko gorrotoaren bataila irabazi nuen bezala, noizbait lortuko dut alabari harro eta begi lasaiekin kontatzea nola hil zen aitona, eta bizitza zoragarria dela alabari transmitituko diot. Ideia hori ikusten bainuen beti aitaren begiradan eta irribarrean”.