2000ko ekainaren 4an Carmen Hernández alargun gelditu zen ETAk senarra hil zuelako. Senarra Jesús Mari Pedrosa zen, Alderdi Popularreko zinegotzi zen Durangoko Udalean (Bizkaia). Carmen Hernandezek, senarra hil ostean, hutsune handia sentitu zuen, baina saiatu zen gorroto-sentimendurik ez izaten. Senarraren hiltzailearekin bildu, eta barkatu ere egin zion damututa zegoela eta barkatzeko eskatu zionean.

DATU PERTSONALAK:

Izena: María del Carmen Hernández

Familia-egoera: Alarguna. Bi alaba.

Jaioterria: Durango (Bizkaia).

TALDEA: Biktimen senideak.

GERTAERAK

- 2000ko ekainaren 4an Carmen Hernández alargun gelditu zen ETAk senarra hil zuelako. Senarra Jesús Mari Pedrosa zen, Alderdi Popularreko zinegotzi zen Durangoko Udalean (Bizkaia). 13 urtez izan zen zinegotzi aipatutako udalerrian, ETAk hiltzea erabaki zuen arte. 57 urte zituen, eta txikitoak hartzetik etxera bueltatzen zela hil zuen.
- Eskoltaren babesari uko egin zion, eta zenbait mehatxu jaso zituen azken hiru urtean. Dena dela, ez zuen onartu herritik ihes egitea.
- Carmen Hernandezek, senarra hil ostean, hutsune handia sentitu zuen, baina saiatu zen gorroto-sentimendurik ez izaten. Senarraren hiltzailearekin bildu, eta barkatu ere egin zion damututa zegoela eta barkatzeko eskatu zionean.

ONDORIOAK

Carmen Hernandezek Memoriaren eta Bizikidetzaren Biltzarrean egindako hitzaldia (Bilbo, 2012ko maiatzaren 14a)

“Carmen Hernández naiz, ETAk hildako Jesús Mari Pedrosaren alarguna. Hasteko, eskerrik asko hitz egiteko aukera emateagatik; zuekin guztiekin bizitzako une tristeenen inguruan arituko naiz, senarraren heriotzaz, alegia, batzuek hiltzea erabaki zuten-eta.  Horren inguruan oroitzen saiatuko naiz, baita nik egindako hausnarketak zuei azaltzen ere”.

“Senarra 13 urtez Durangoko Udaleko zinegotzi izan zen, eta 2000ko ekainaren 4an, etxerako bidean, garondoan tiro emanez hil zuten”.

“Hasierako urteetan, dena ondo zegoen, baina hil aurreko azken 2 edo 3 urtean kalean mehatxatzen hasi ziren, eta modu zuzenagoan jazartzen hasi ziren. Egunero etortzen ziren etxera. Eskaileretan ituak jartzen zituzten, zenbait pankarta ekarri eta jartzen zizkiguten, eta behean, kandelak piztuta; leihoetara harriak botatzen zizkiguten eta zenbait mezu irakurtzen zizkiguten. Kalean senarrari kartzelari eta beste zenbait gauza esaten zizkioten… Etxe aurreko institutuko neska-mutila batzuk jolas-orduetan etortzen ziren presoen pankartak eskuetan zituztela”.

“Hori guztia gertatu bitartean, polizia ez zela etortzen edo berandu agertzen zela esan beharra dut”.

“Gure familia-bizitza nahiko tristea zen horregatik guztiagatik, eta norberak (bi alaba ditut) aurrera egiten zuen ahal zuen moduan.  Bakardadea sentitzen genuen, jendea ohituta baitzegoen halako egoerak ikustera, eta halakoengatik ez zen hunkitzen”.

“Jendearen pasibotasunagatik asko sufritu nuen, bizilagunek, nirekin hazitako batzuek agurtzeari utzi ziotela, etxea aurrean manifestazioak egiten zituztela, etab. ikusita. Errealitatean halako gauzak ezin zirela gertatu ematen zuen”.

“Hasieran zeure burua indartsu egiten duzu, eta egunerokotasunari aurre egiten diozu gehiegi pentsatu gabe, dena amesgaiztoa ematen baitu. Azkenean beldurra genuen, beldur handia, baina ez nuen uste guri egokituko zitzaigunik”.

“Agian, bere bizitza, gure bizitza, eta terrorismoko gainontzeko biktimena antzekoa zen. Bizitza normalak, familian oinarritutakoak; senideentzat eta gure gizartearentzat bizitza hobea lortzeko itxaropena genuen”.

“Nire ustez, antzeko tragediak eta bizipenak bizi izan ditugun biktimok, gauzak modu ezberdinez ikusten baditugu ere, zenbait gauzatan ados egon gara. Askatasunean, justizia eta zuzenbidean sinetsi dugu, eta ez indarkerian, terrorean edo nagusikerian”.

“Irratiaren bidez jakin nuen gertatukoaz, ordu hartan etxean bakarrik nengoen-e ta. Programazioa eten zuten berria emateko. Hasieran izena esan ez bazuten ere, emandako datuengatik, banekien Jesús Mari zela. Erreakzionatu ezinean nengoela, alaba gazteena etorri zen, eta berriz berria eman zuten, oraingoan izena eta guzti. Modu horretan jakin zuen alaba gazteak gertatutakoa”.

“Ahal izan nuen moduan, beste alabari deitu nion, alboan bizi zen, eta etxera etortzeko eskatu nion, aita hil zutelako. Alabak gertatuko lekura joan nahi zuen, baina jendeak ez zion hurbiltzen utzi. Hortaz, polizia berria ematera etorri zenean, bagenekien dena”.

“Ezin da azaldu zer sentsazio sentitu genuen. Larritasunak itotzen zaitu, amorrua, sumindura, ezintasuna sentitzen duzu. Galderek burura etortzen zaizkizu bata bestearen atzetik: Zergatik? Zertarako? Zer eskubide dute bizitza kentzeko? Ez dago erantzunik.  Zentzugabea da”.

“Dena gertatu ostean, neure burua gaindituta ikusi nuen gugana jende asko hurbildu zelako. Komunikabideen jazarpena. Bat-batean anonimotasuna utzi, eta denak zuri begira daude”.

“Dena normalizatu zenean, ordura arte agian gertatutakoaz konturatu ez zirenak, nirekin izan ziren, beste batzuk penatuta daude une zailenetan nirekin egon ez zirelako”.

“Nola aurre egin gertatukoari? Alabengatik indartsu izan behar nuela agindu nion neuri buruari, alabak hobeto sentiarazteko. Nolabait familiaren gidaria izan behar nuela sentitu nuen. Gertatutakoak gehiago batu gaitu, baina baita gure bizitzak aldatu ere, ez soilik gerora begira genituen zenbait plan hondatu zituelako. Gauzak ez dira inoiz lehen bezala izango. Heriotza naturala izan ez zenez, modu basatian kendu zidatenez, ez dut onartzen. Horrekin nola bizi ikasi baino ez dut egin. Eta… hutsuneaz gain, beste gauza batzuk ekarri ditu, gurekin ez dugun pertsona maitatu bakoitzarekin bizi dugu hori”.

“Hasieran, gogorra zen kalera irtetea; garai hartan Durangon gehienok elkarri ezagutzen genion, eta bizitza jasanezin bihurtu digutenekin egiten genuen topo. Zaila zen.  Herriko kanpoaldean mugitzen hasi nintzen. Denbora joan ahala, erdigunera hurbildu nintzen, eta ondoren, senarrarekin ibilitako lekuetara joan nintzen.  Aurrera egiteko borrokatu dut, eta beharrezkoa izan dudan laguntza bilatu dut”.

“Horrez gain, ordura arte egindako eta nolabaiteko indarra ematen zidaten gauzak egiten jarraitzen ahalegindu nintzen, Bateginez GKEko idazkari lanak egiten jarraitu nuen, orain dela 16 urte hasi bainintzen horretan. Ondoren ilobak izan nituen, une honetan dudan pozik handiena dira. Ondoren, beste jarduera batzuei ekin nien”.

“Asko idatzi dut, terapia moduan, kalte egiten zidaten zenbait eduki burutik kentzeko; batez ere gauean egiten zidaten kalte. Sinesle naiz, eta fedeari eustea ere oso lagungarria izan da. Nire ustea dela-eta, eta gauzak ikusteko dudan moduagatik, argi nuen barkatzeko gai izan behar nuela, neure buruarekin ondo sentitzeko. Hausnartzen dudanean, barkamena ez dela betebehar bat uste dut, ezta ahaztea ere, askatzen gaituen ekintza da, ene ustez”.

“Horren inguruan, norberak erabaki behar du, norberaren gauza bat da, eta ez du loturarik sinesle izatearekin, edonork barka baitezake, hala sentitzen badu. Baina badakit gorrotoak eta erreminak guri erasotzaileari baino kalte handiagoa egiten digula”.

“Bakeari eta adiskidetzeari buruz hitz egiten da. Gizarte anitz honetan bizikidetza baketsu eta errespetagarria behar dugula uste dut nik”.

“Gainera, ematen du sektore jakin batzuek premia handia dutela gure herriaren egoera normalizatzeko. Nire uste apalean, urratsez urrats joan behar dugu, sufrimendu handiko urteak izan direlako, eta denbora behar izango dugu gorrotoak bideratzeko, balioetan hezteko eta gainontzekoak pertsona gisa errespetatzeko. Izan ere, ondokoa falta izan zaigu, besteak beste: bestea gizaki, pertsona dela onartzea”.

“Batzuetan Joseba Arregik esaten zuena gogoratzen dut:

“Bizi izan dugun terrore-garairako kontaketak, denok aktore izan garen historiari aurre egitea exijitzen du.  Historia horri serio aurre egitea, geure buruari zer egin dugun galdetzea, non egon garen azken 50 urteotan”.

“Nire ustez, gertatutakoa aztertzeko orduan justiziak izan behar du lehentasuna. Ideia politikoak hitzaren bidez aldeztu beharrean, hainbat urtez beldurtu gaituzte bahituz eta hilez, eta hori gogor-gogorra da. Iraganeko akatsengatik ikasi geroa eraikitzeko. Horixe behar dugu. Eta denon artean egin behar dugu, nahi dugun bizikidetza lortu nahi badugu behintzat”.

“Edonola ere, jendearen artean gogoa bada, ilusioa ikusten da.  Laguntzeko, topaguneak biltzeko gogor lan egiten duten gizarte-taldeen artean, ardura ikusten da. Itxaropenerako atea ireki da, eta denon ahaleginak batu beharko ditugu”.

“Herri honetako giza eskubideen urraketa guztiak onartuak izan daitezen jarraitu behar dugula lanean uste dut, oraindik ez baitira onartu, eta gutxieneko ondoko eskubideak bete beharko baitira: egia, justizia, konponketa eta berdintasunean oinarritutako memoria”.

“Ondo legoke une batean denok zerbaiten alde egiteko elkartuko bagina, eta ez zerbaiten aurka egiteko. Oraindik lan handia dugula egiteke uste dugu”.

“Terroreko munduko pertsona baten istorioa entzuteko aukera izan dut. Istorio triste-tristea da. Hasieran urduri nengoen, baina pertsona hori okerrago zegoen. Galdera asko nituen egiteko, adibidez, zer zuen buruan atentatua baino lehen eta atentatuaren ostean. Lo egiteko gai ziren? Pertsonak, pertsonak izateari uzten diote egin behar dituzten gauzen zerrenda ematen dietenean”.

“Laburbilduz: Pertsona horrek hausnarketa-prozesua egin zuen, eta oso damututa zegoen. Hori da kasuaren alde positiboa. Egindako kaltea ezin da aldatu, ezta eragindako sufrimendua ere, baina kalean dagoenez, saiatuko behar du bere bizitza izaten eta nolabait gizarteratzen”.

“Lana eta familia dira bere ardura nagusiak une honetan. Horregatik adorea eman nion. Hobe litzateke espetxean diren guztiek halako hausnarketa eta damutasun prozesu bat egingo balute”.