Luis Domínguez Salamancako herri bateko zen, baina 25 urte zeramatzan Bergaran, eta hantxe Arrate Zurutuza emaztearekin eta bost seme-alabekin bizi zen. Luis Ignacio Domínguez seme nagusia zen. 1980ko urtarrilaren 25ean, 39 urte zituela, ETAk Luis hil zuen Bergarako hilerrian, bost tiro eman zizkion.  Atentatuaren ostean, emazteak eta semeak oraindik aitari eta eurei buruzko zenbait zurrumurru entzun zituzten; denbora joan ahala, egoera lasaitu eta normaltasuna itzuli da.

DATU PERTSONALAK:

Izena: Arrate Zurutuza Lazcano / Luis Ignacio Domínguez Zurutuza

Adina: 68 urte (1944) / 51 urte (1961)

Lanbidea: Erretiratua / Ehorzlea.

Familia-egoera: Alarguna. Bost seme-alaba / anaia-arrebak, bat trafiko-istripu baten ondorioz hil zen.

Jaioterria: Bergara (Gipuzkoa)

TALDEA: Biktimen senideak.

GERTAERAK

- Luis Domínguez Salamancako herri bateko zen, baina 25 urte zeramatzan Bergaran, eta hantxe Arrate Zurutuza emaztearekin eta bost seme-alabekin bizi zen. Luis Ignacio Domínguez seme nagusia zen.  Herriko hilerriko ehorzlea zen. Hilerria Guardia Zibilaren kuarteletik hurbil zegoen.
- Herriko jende askorekin hitz egin eta aritzen zen Luis, baita guardia zibilekin ere.  Horregatik telefono bidez mehatxu bat jaso zuen, eta herrian zenbait zurrumurru zabaldu ziren Luisen inguruan.  Luisek beldurra izan zuen bizitzako azken etapan.
- 1980ko urtarrilaren 25ean, 39 urte zituela, ETAk Luis hil zuen Bergarako hilerrian, bost tiro eman zizkion.  Atentatuaren ostean, emazteak eta semeak oraindik aitari eta eurei buruzko zenbait zurrumurru entzun zituzten; denbora joan ahala, egoera lasaitu eta normaltasuna itzuli da.

ONDORIOAK

Arrate Zurutuza (A. Z.): “Ezkontideok eta bost seme-alabek osatzen genuen familia.  Luis Bergarako hilerriko ehorzlea zen. Ehorztetxeen ardura ere bazuen, eta Guardia Zibilaren kuartela zegoen lekuaren azpian, Luisek biltoki bat zuen eta han kutxak zituen. Han egoten zen, eta kuartela hurbil zegoenez, guardia zibilekin hitz egiten zuen.  Horregatik begiak bota zizkioten. Batzuetan, heriotzaren bat gertatzen zenean, Luisek aseguru-etxearen paperak ere egiten zituen; behin, esaterako, paperak eramaten zituela norbaitek atzetik jarraitzen ziola antzeman zuen, Donostiara joan zenean zenbait guardia zibil hil zituztelako”.

“Luis gazte etorri zen Salamancatik Bergarara. Berak 20 urte zituela eta nik 17 urte nituela, ezkondu ginen. Bergaran Salamancan baino urte gehiago izan zen, pertsona ezaguna zen”.

Luis Ignacio Domínguez (L. D.): “Aitak ehorztetxean eta hilerrian egiten zuen lan, amak fabrika bat garbitzen zuen eta nik metal-fabrika batean egiten nuen lan. Bost anaia-arreba ginen, eta ni nagusiena nintzen. Aita hil zutenean 19 urte nituen eta lan egiten nuen. Beste anaia batek ere lan egiten zuen, 18 urte zituen. Gainontzekoak adingabeak ziren, 9 eta 14 urte zituzten, eta bagenuen 16 urteko arreba, baina aitaren atentatutik lau urtera hil zen”.

“Aitak edonorekin hitz egiten zuen, ni bezala, edozein lekutik etorrita ere.  Kuartelekoengatik pena sentitzen zuen, guardia zibilen aurka gorroto eta presio handia baitzegoen. Azkenean, han denetarik zegoen, leku guztietan bezala. Pertsona gaiztoak ere izango ziren.  Baina jende normala ere bazen, eta tabernara joan eta elkarrekin hitz egiten zuten. Garai hartan hori oso harritzekoa zen, eta horregatik gaizki begiratzen zintuzten. Ez zuten salataritzat jo. Euskadin halako pertsonak ez zituztela nahi baino ez zuten esan”.

“Oñatin, Arrasaten edo hurbileko herriren batean atentaturen bat bazen, aita zena kuartelera joaten zen hileta-autoarekin. Horrek ere erretzen ninduen, jendeak uniforme bat ikusten zuelako, baina nik pertsonak hiltzen zituztela ikusten nuen. Amorrua ematen zidan. Adibidez, behin aitarekin lan egitera joan behar izan nuen (Luis Ignacio aita ordezkatu zuen Bergarako ehorzle lanpostuan) Zumarragatik hurbil, lehergailu batez bi guardia zibil hil zituztelako. Kuartelera joan nintzen kutxa eramatera, eta gorpuak ikusi nituen, batek ez zuen burua. Gauzak hartu eta senideei eraman behar nizkien, eta argazkiak ikusi nituen, haur ziren garaikoak, familiarenak…, lur jota gelditu nintzen.  Egun hartan, Zumarragan bakearen aldeko manifestazio bat egin zen, baina aitak ez zidan joaten utzi”.

“Aita beti kuarteletara joaten zen. Atentaturen bat gertatzen zenean, aseguru-etxeko tramiteak ere egiten zituen, autopsietan sartzen zen… Hori zela eta, batzuk hasi ziren aitari buruz gaizki hitz egiten. Esaterako, behin Aretxabaletan atentatu bat egin nahi zuten eta tiroketan hil ziren bi gazteen autopsia egin behar izan zuen. Ez dut inoiz hori ahaztuko. Kuarteletik igaro zirenean, metraileta tiro-segida egin zuten, eta ondoren Arrasaten Guardia zibilaren eta gazteen arteko tiroketa gertatu zen. Tiroketan bi terrorista hil ziren, 19 eta 25 urte zituzten. Aita zena kutxa eramatera joan zen. Ondoren esan zidan gazteek poltsikoetan granadak ere eramaten zituztela, eta pena handia eman ziotela. Nik 18 urte nituen, eta ez zidatela pena ematen esan nion, hiltzeko asmoa zutelako. Gazte-gazteak zirelako ematen zioten pena”.

“Hemen denek esaten zuten balaz josi zituztela auto barruan. Aitak autopsian parte hartu zuen, lehen egiten zen moduan, eta auzitegiko medikuari gorpuak irekitzen lagundu zion. Terrorista batek tiro bakarra zuen, eta besteak hiru zulo. Batzuek aretoan sartu, eta horixe ikusi zuten, eta harrituta gelditu ziren zulo gehiago ez zituztelako. Aitak besterik ez zutela esan zuen, gehiago egitea nahi zuten galdetu zien.  Hauxe da dena, ikusten ari zaretena, esan zien. Halako gauzek aita markatu zuten. Ez dakit zergatik utzi zuten hainbeste jendea autopsian sartzen. Hau guztia azaltzen dut erakusteko gezur eta gehiegikeri asko esan dituztela aitari buruz. Halakoa zen dena, eta “sanbenito”a jartzen bazizuten, jai zenuen. Handik bi urtera niri ere jartzen hasi ziren, baina eskerrak gauzak gelditu zirela”.

A. Z.: “Une batean familian konturatu ginen gauzak beste modu batekoak zirela eta giroa txarra zela.  Berak esaten zidan atzetik jarraitzen zutela. Arrasaten ebakuntza egin zidaten, eta oso kezkatuta zegoela gogoratzen dut. Ez nekien zer zuen, eta agian nire amarekin eztabaidatu zuela pentsatu nuen. Ni etxera itzultzeko irrikan zegoela esan zidan. Zergatik galdetu nionean, telefonoz deitu eta mehatxatu zutela azaldu zidan.  Beste batean Donostiara joan zen, eta Deskarga mendatetik jarraitu zutela esan zidan.  Nik esaten nion berak uste bazuen jarraitzen zutela guardia zibilekin joaten zelako, utz ziezaiola haiekin ibiltzeari. Nik ere horrela pentsatzen banuen, bakean uzteko esan zidan. Baina nik esaten nion beraiekin ez ibiltzeko, etxetik hurbil uzten zuen autoa ere zaintzen zutelako”.

L. D.: “Tabernan baldin bazegoen eta guardia zibilak sartzen baziren, beraiekin hitz egiten zuen. Ni ere berdin.  Hemen ezin zen halakorik egin. Muga antzeko bat zegoen, eta gehienak ez ziren beraiekin hitz egitera ausartzen”.

A. Z.: “Behin, etxetik hurbil guardia zibilaren auto bat igaro zen; autoan ezagun bat zioan, eta agurtzeko keinua egin nion. Keinurik ez egiteko eta beraiekin ez hitz egiteko esan zidan, konpromiso handia baitzen. Hobe zela ez agurtzea esan zidan”.

“Behin, senarra eta biok kuartelera joan ginen kutxa bat eramatera. Han geundela, zenbait guardia zibil etorri ziren, eta joan behar zutela esan zuten. Elkarrekin hitz egin genuen, eta 20 bat urte zituen batek esandakoa pena handia eman zidan. Etxetik noiz irteten ziren bazekitela, baina itzuliko zirenetz ezin zutela jakin esan zuen. Gorrotoa handia zen”.

L. D.: “Aita hil zutenean, kalean ikusten banituen aurpegira ez begiratzeko esan zidaten, konpromisorik ez izateko. Baina niri berdin zitzaidan, ez zidatelako ezer egin.  Aitak telefonoz mehatxua jaso zuen, Euskadi uzteko hiru egun zituela esan zioten. Ondoren, aita HBko zinegotzi José Luis Elkororekin hitz egin zuen, zer gertatzen zen jakin nahi zuen. Bere aurka ez zutela ezer eta lasai egoteko esan zion aitari. Horren ostean, herrian zenbait zurrumurru zabaldu ziren aitaren inguruan, eta batzuek galdetu zidaten ea aitak alde egingo zuen. Ez zuen alde egin nahi, arrazoia emango zielako bestela; zerbait egin duela uler zezaketen, eta aitak ez zuen ezer egin. Baina ihes egitekotan, jendeak zerbaitengatik izango zela pentsatuko zuen. Nabarmenduta zegoen”.

“Telefonozko mehatxua jaso eta handik zerbaitera, beste gauza bat gertatu zen.  Aita taberna batean zegoen, han herriko batzuk eta zenbait guardia zibil ziren.  Guardia zibil batek pertsona bat zirikatu zuen eta istilua sortu zen. Mutil batek poliziari pistola kendu, eta tabernatik hurbil zegoen ibaira bota zuen. Pistola ibaira bota zuenak aitari eskatu zion guardia zibilei esateko ez egiteko ezer. Biharamunean, Guardia Zibilak lekuko gisa hara joatea eskatu zion, eta ibaian pistola bilatu zuten. Hori errematea izan zen, bakoitzak gertatutakoa nahi izan zuen moduan azaldu baitzuen. Baina han egon baino ez zuen egin.  Telefono deia uztailean izan zen, gutxi gorabehera, eta azaldutakoa abenduan izan zen. Aita urtarrilaren 25an hil zuten. Minbizia duen eta hilko den pertsona baten antzera bizi zuen dena, baina bazekien ihes egiten bazuen zerbaitengatik dela esango zutela”.

“Noizbait etorri dira nigana eta aita muturreko eskuineko zerbaitean sartuta zegoela esan didate, zenbait froga, argazki… dituztela ere aipatu didate. Nik hori guztia egiaztatzeko eskatzen nien, baina ez zuten ezer, zurrumurruak baino ez ziren. Behin, pertsona batek anaiaro eta bioi esan zigun, karatetik irten ginean, aitaren adiskide bat ikusi zutela (Luis Berasategui, ETAk ondoren hil zuen) kate batzuk eta pistola zeramatzala, Cristo Reykoek egiten zuten bezala, eta beraien lokalean sartzen ikusi zutela. Ordu erdiz eztabaidatu ondoren, ia-ia sinetsi nuen, baina azkenean esan zidan ez zuela berak ikusi, lagun min batek baizik. Pixka bat pentsatzeko esan nion, lagun mina izan gabe nik zalantzak izan ditudalako hainbeste aldiz esan eta gero. Erraza zen hitz egitea, baina ez zuten inoiz ezer erakusten”.

A. Z.: “Senarra hil zutenean Akinoko Tomas Deunaren jaia zen, eta institutuan ez zuten eskolarik. Nik bulego batzuk garbitzen egiten nuen lan. Lanetik irten nintzenean, nire autoaren gurpilak iltze handia zuen; haiek bazekiten batzuetan hilerria ixtera joaten nintzela senarrarekin. Hiltzera joaten zirenean, han ezingo nintzela egon ziurtatu zuten.  Semeari ere ez zion autoa uzten, semea eta aita nahastuko zutela beldur zen”.

“Azken garaian beldurra zuen. Gau batean bi semerekin partidua ikustetik zetorren.  Komunera joan zenean, senarrak norbait leihora igo zela antzeman zuen, eta buelta eman zuenean, kanpoko taula batzuk zapaltzen zituztela sentitu zuen”.

“Atentatuaren egunaren oroimena ikaragarria da. Ni etxean nengoen Berasateguiren alargunarekin, neskatilarekin etorri baitzen. Luis etorri zen, baratxuri-zopa egin zuen eta hilerrira joan zen lan egitera. Ondoren telefonoz deitu, eta senarrari tiro egin ziotela esan zidaten. Azkar-azkar lagun baten etxera joan nintzen, eta hara eramateko eskatu nion”.

“Deitu omen zioten, eta biratu zenean, tiro egin zioten. Lehenengo tiroa belaunean izan zen, eta alboko lorategietan sartzen saiatu zen. Harrapatu zuten, eta burutik helduta, buruan tiro egin zioten. Kuartelekoek tiroak entzun zituztenean, bazekiten Luisen aurkakoak zirela, hilerria kuarteletik oso hurbil zegoelako. Iritsi nintzenean, lurrean ikusi nuen,  hilerriko atearen ondoan, baina ez zidaten hurbiltzen utzi”.

L. D.: “Udaletxeko plazan nengoen, eta jendea hizketan ikusi nuen, anbulantzia joan eta gero. Okerrenean jarri nintzen. Kaltetik ibiltzen jarraitu nuen, eta jendeak begiratzen ninduen, “jainko halakoa”, pentsatu nuen. Etxera iritsi nintzenean gertatutakoa kontatu zidaten”.

A. Z.: “Luis hil zuten egunaren biharamunean, egunkarietan nahi izan zutena jarri zuten. Hiltzaileei ematen zieten arrazoia, hitz-erdika esaten zuten zerbaitengatik hilko zutela. Luisen anaia plazako kioskora joan zen, egunkari guztiak erosi, eta erre zituen.  Pertsona bat hiltzeaz gain, iraintzen zuten”.

L. D.: “Aita hil ostean, jende asko etorri zen etxera laguntza ematera. Hiletan ere jende asko izan zen, baina batzuk ez ziren etorri, ez zekitelako ondoren zer gerta litekeen.  Agian, aitari egindako antzeko zerbait egingo zietela beldur ziren.  Batzuk aitaren lagun minak ziren, aitak mesede asko egin zizkien”.

A. Z.: “Luis hil zutenean lan egiten nuen, Jainkoari esker. Seme-alabak gorrotorik gabe hezten saiatu naiz. Nagusiek 20 eta 19 urte zituzten. Ni normal joaten nintzen lan egitera”.

L. D.: “Atentatu bakoitzak aita ekartzen zigun gogora. Dena amaitu eta azkena izan zedila pentsatzen genuen. Dena konpontzea eta denok hobeto egotea nahi genuen”.

“Aitari gertatutakoaren antzeko zerbait niri ere gertatu zait; herriko jendeak gaizki hitz egin zuen nitaz. Aita hil eta urtebete igarota Telesforo Monzón hil zenean (Herri Batasunako fundatzaileetako bat), nik lurperatu nuen José Luis Elkororekin. Azken honekin harreman ona dudala esan behar dut. Hiletan jende asko eta asko izan zen.  Lurperatu genuen eta dena ondo joan zen. Elkorok zoriondu gintuen hileta oso ondo egin genuelako. Baina biharamunean lagun batek galdetu zidan ea norbait sartu zen nirekin hiletara. Zer gertatzen zen kontatzera behartu nuen, zergatik esaten zidan hori, nik ez bainuen ezer egin. Eta erantzun zidan institutuko neska-mutilek esaten zutela aitaren bide beretik nindoala, Fuerza Nuevan sartuta nengoela (muturreko eskuineko alderdi politiko bat zen eta Espainiaren demokraziarako trantsizioan zenbait atentatutan parte hartu zuen), ETAko senideengana joan ginela aita zergatik hil zuten galdetzera, eta ez baziguten esaten norbait hilko genuela mehatxatu genituela”.

“Horren ostean, gogoratzen dut behin ama eta biok etxera heldu ginela eta arreba izandakoa negarrez zegoela. Esan zigun emakume batek deitu zuela ama eta nitaz galdetzeko. Etxean ez geundenez, arrebari esan zion amak bere horretan jarraitzen bazuen aita bezala amaituko zuela. Udaletxera joan ginen, gertatutakoa esan genien, eta jaramonik ez egiteko agindu ziguten, zerbaiti buruz hitz egin nahi zuten batzuk baino ez zirela. Gutaz esaten zuten guztia gezurra zen. Ondoren egoera lasaitu zen”.

“Pertsona batzuk nirekin hitz egiteari utzi zioten gertatutakoa zela eta. Gero berriz hasi dira nirekin hitz egiten, eta ni ez naiz herratsua. Halako gauzei ez diet garrantzirik eman, dena noiz konponduko den eta noiz egongo garen ondo zain nago. Presoak kalera irtetearen aldekoa naiz, baina amorrua ematen dit heroi gisa irtetea.  Gogorra da.  Lagun min bat espetxetik atera berria da. Berarekin hitz egiten nuen, batzuetan eztabaidatzen genuen, eta gero lagunak izaten jarraitzen genuen. Beste batzuekin, aldiz, kalean ikusi eta ia-ia lotsa ematen die ni agurtzea. Zergatik?, nik ez dut ezer egin eta”.

“Herrian manifestazioaren bat ikusi dudanean, ez naiz albo batera joan. Ez nintzen haiengana joaten, baina nire aurretik etortzen baziren, ez nintzen kentzen. Amorru eta gorroto handia nuen. Baina azkenean beti jakin izan dut barkatzen”.

A. Z.: “Denborak sendatzen du.  Hasierako urteak oso txarra izan ziren, senarra hiltzeaz gain, berari buruz hitz egiten jarraitzen zutela ikusten baikenuen. Baina jendea konturatu zen gauzak ez zirela zurrumurruek zioten bezala, eta ondoren gu babesten hasi dira. Nire ustez, adineko pertsonak hasiera-hasieratik konturatu ziren, Luis ezagutzen zutelako eta kalterik egiteko gai ez zela zekitelako. Denboraren poderioz, gauzak konpontzen joan dira”.

L. D.: “Denbora joan ahala, heriotza gainditzen duzu, baina zenbait preso kalera atera ditzaten nahi nukeela esan dudan bezala, beste atentatu bat gertatuko balitz, gogortasunez guztiz kontrakoa esan ahalko nuke. Dena gelditu da, eta hobe da, gorrotoak ez baikaitu inora eramaten. Eta oraindik gorrotoa handia da, bi aldeetan gainera. Aitarena gertatu baino lehen, zenbait kutxa eraman behar izan nituen terroristen atentaturen ondorioz. Okerrena, nire ustez, jendearen erantzuna zen, beldurra zuten… Ez nuen ulertzen nola ez zuten sentsibilitate handiagorik erakusten. Nahiago zuten ezer ez esatea, badaezpada ere; baina jendeak hasieratik atentatuaren aurka agertuz gero, beste gauza bat izango litzateke”.

“Batzuetan gertatutakoan nolabaiteko errua izan nuela pentsatzen dut, ez bainintzen isiltzen. Mehatxatu baino lehen, kalean hitz egiten nuen eta bereak eta bi esaten nituen, animaliak ote ginen edo zer…”

A. Z.: “Luisek ez zuen politikari buruz hitz egiten. Garai hartan, dagoeneko, Domu Santuen eguenean edo Aberri Egunean (euskal aberriaren eguna) hilerria goizeko 6etan irekitzen zuen. Panfletuak nola botatzen zituzten ere ikusi zuen, debekatuta bazegoen ere, eta ez zion inori esan, bakarrik niri. Behin, autoan gindoazela, auto-istripu bat ikusi genuen, autoan ETAko propaganda zuten, baina ez zuen ezer esan. Gure autoan sartu zuen Guardia Zibilak ikus ez zezan”.

L. D.: “Norbaitek aitari buruz gauzak esatera etortzen zenean, nik galdetzen nien ea nork atxilotu duten Bergaran halako gauzak esateko. Aitak Guardia Zibilari zerbait esanez gero, norbait atxilotuko zuten. Baina ez zuten inork atxilotu.  Hilketaren ostean bai, norbaitek hil baitzuen. Baina niri berdin zait nor izan den. Egindako elkarrizketaren batean esan dudan moduan, bost axola aita hil zuen pertsonaren izena, azken buruan, hitz egiten zutenaren ondorioz hil baitzuten. Terrorista horrek hilko ez balu, beste batek egingo luke”.

“Bergaratik alde egiteko ideia ez zaigu ezta burutik pasa ere egin. Herri txikia da, eta batzuetan zenbait begirada, keinu ikus ditzakezu. Eta une horretan sutsuago baldin bazaude, haserretzen zara. Esaterako, ez nintzen joaten Gesto por la Pazen kontzentrazioetara; ostiralero pilotalekuetan egiten zituzten. Jakin izan nuen hemengo mutil batzuek ezagun baten zain gelditu, eta ondoren jipoitu zutela. Handik aurrera, guztietara joan nintzen. Bakearen aldeko pankarta eramaten genuen, eta batzuetan irainak jasan behar izaten genituen. Aurrean genituen eta jasan behar genuen”.

A. Z.: “Ezin da gorrotoarekin bizi. Beste ideia batzuk dituzten pertsonekin aritzen naiz, baina beraiek errespetatzen banaute eta nik errespetatzen baditut, nahikoa da.”