DATU PERTSONALAK:
Izena: Rosa Rodero Palacios
Adina: 56 urte (1956)
Lanbidea: Administratiboa
Egoera familiarra: Alarguna. Hiru seme-alaba.
Jaioterria: Barakaldo (Bizkaia). Bilbon bizi da.
TALDEA: Biktimen senideak.
GERTAERAK
ONDORIOAK
“Ohiko familia bat ginen, lan egiten genuen eta hiru seme-alaba genituen. Aita hil zutenean, nagusiek ikasten zuten eta txikienak 18 hilabete zituen. Familia-bizitza oso polita zen, saiatzen ginen haurrekin asko egoten eta etxetik asko irteten”.
“Joseba Ertzaintzako sarjentu nagusia zen. Ertzaintzako informazio-unitatearen ardura zuen, baina garai hartan ez zuen izen hori; nagusia zen eta hainbat pertsona zituen bere ardurapean, hiru probintzietakoak (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa). Nazionalista zen, eta gazte-gazte zenetik nazionalismoaren militante izan zen. Politika bere bizitzaren zati bat izan zen Ertzaintzan sartu zen arte. Atxilotuta eta kartzelan ere izan zen, eta handik irten zen 1977ko amnistia orokorrari esker. Une hartan Euskal Alderdi Jeltzalera (EAJ) itzuli zen eta batzokien sarea sortzen hasi ziren. Ondoren, 1980ean, Berrociko kide egin zen, hasieran administrazioan egiten zuen lan, eta ondoren ertzaina lanak egiten hasi zen. Handik sortu zen Ertzaintzaren jatorria, eta kargu bat izan zuen lehenetako bat izan zen Joseba. Hortaz, 1982an Ertzaintzaren lehen promozioa irten zenean, Joseba han zegoen ertzainei harrera egiteko eta trebatzeko. 1985era arte Berrocin izan zen Joseba. Urte hartan Bilbora etorri zen eta Informazio Unitatean hasi zen lan egiten”.
“1986an, Lucio Aguinagalde ETAk bahituta zuela, Ertzaintzak salakeria jaso zuen, eta salakeria egiaztatzera joan ziren. Koba batean aurkitu zuten. Han ETAko pertsona batzuk eta Lucio zeuden, eta liskarra sortu zen. Horren ondorioz, Genaro García de Andoain hil zen Josebaren ondoan, eta bahitua kobatik ateratzea lortu zuten”.
“Joseba eta biok 1986an ezagutu genuen elkar. Ni aurretik ezkonduta nintzen. Elkar ezagutzen jarraitu, eta handik bi hilabetera elkarrekin bizitzera joan ginen nire seme-alabekin. Bizitza bikaina genuen. 1989an Bilbora etorri ginen, hobeto zetorkigun lanerako eta gauza guztietarako. Bilbon gure lagun-taldea dugu. Familia-bizitza egiten hasi ginen, eta seme-alabak txikiak zirela, nik esaten dudan moduan, laster aita moduan adoptatu zuten, ezagutu bezain pronto, oso pertsona maitekorra baitzen”.
“Familia-bizitza normala genuen. Lan egiten genuen, seme-alaben ardura genuen…, dena normala zen. Ez genuen arazorik, Josebaren lanbideagatik sortzen zen beldurraren ondoriozkoak besterik ez. Beti dago zerbait, zenbait paperetan bere izena agertzen hasi zen… Baina ez duzu inoiz uste zuri egokituko zaizula, eta saiatzen zara horri buruz gehiegi ez pentsatzen. Mehatxuak baziren, baina horretaz ahaztu behar zara bizitza normala egiteko. Zenbaitetan kontuz ibiltzen ginen. Adibidez, senarrak ez zuen gogoko goizetan haurrak eskolara eramatea, zerbait gertatuz gero, haurrak berarekin ez izateko. Baina halako gauzak alde batera utzita, bizitza normal-normala genuen”.
“Senarra aipatutako Informazio Unitateko arduraduna zen, eta jende askok ezagutzen zuen Joseba. Ertzaintza barruan pertsona ezaguna zen”.
“Une batean ikusi genuen Joseba mehatxatuta zegoela. Esku hartutako komando baten paperak atera zituzten. Atentatuaren xede izan zitezkeen pertsonen zerrendaren buruan agertzen zen. Bagenekien, baina ez genuen horretaz hitz egiten, nahiago genuen horren inguruan ezer ez esatea. Noizean behin zerbait esaten banion, lasai egoteko esaten zidan beti. Ez zuen bere burua pertsona garrantzitsutzat hartzen, gainontzekoen modukoa zen, bere kargua bazuen ere. Batzuetan esaten zuen noizbait bere aurka egingo zutela usteko balu, beharrezko bitartekoak jarriko lituzkeela. Baina dena oso abstraktua zen, ez duzu pentsatu nahi gerta daitekeela, bestela, ezingo zenuke bizi”.
“Gauzak gertatu ostean zenbait xehetasunez pentsatzen hasten zara, eta baietz, atzetik zituela konturatzen zara. Baina garai hartan, gauza batzuk ikusten bagenituen ere, ez genituen ikusi nahi. Ondoren baino ez nintzen konturatzen agian bere atzetik ibili zirela”.
“Herriarentzat eta herriak hala nahi izan zuelako sortu zen Ertzaintza. Hasieran ez zuten uste Ertzaintzak atentaturik izan zitekeenik. 1985ean lehen atentatua egin zuten Carlos Díaz Arcocharen aurka, baina Madrilgo Gobernuak ejertzitotik Ertzaintzara bidalitako pertsona baten aurka egindako atentatua izan zen. Une hartan, Ejertzitotik zetorrelako hil zutela pentsatzen zuten, ETAk ez zuelako nahi halako pertsonak Ertzaintzan sartzea. Hori alde batera utzita, ez zuten uste Ertzaintzaren aurka zuzenean joango zirenik. Baina argi dago hori aldatzen den eta aurreikusi ezin den gauza bat dela. Alderdi politikoetako pertsonan aurka ere ez zutela joango uste genuen, eta ondoren aurka joan ziren”.
“Atentatuaren egunera arte, Josebak ia ez zuen erasorik jasan. Batzuetan telefonoan bagenuen gauza arraroren bat, baina aspaldi zenbakia aldatu eta murriztu genuen. Gainera, segurtasun-neurri batzuk ere hartzen genituen, esaterako, autoa hartu baino lehen autoaren azpian begiratzen genuen goizero. Joseba Berrocin zegoela ikasitako jarraibide batzuk ziren. Baina halako gauzei ez genien garrantzirik ematen”.
“Josebak beldurra bazuen, etxean ez zuen ematen. Garai hartan, Garaikoetxea lehendakariari egindako entzunaldi batzuengatiko epaia izan zuen, eta horregatik une hartan ez zuen lan egiten. Unibertsitatean ikasten hasi zen, eta oso bizitza lasaia zuen. Mundu horretatik aldenduta zegoenez, ez zitzaiola ezer gertatuko uste zuen. Lasai-lasai zegoela, adi ez zegoela, bere aurka atentatu zuten. Adibidez, ez zituen inoiz seme-alabak eskolara eramaten, baina atentatuaren egunean nire seme nagusia autobus-geltokira zeraman, garai hartan lasaiago zegoelako”.
“Atentatuaren egunean, senarra eta semea zortziak hamar gutxitan etxetik irten ziren, semeak eskola-autobusa hartu behar zuen lekura joateko. Semea utzi ondoren, ikastera joan behar zuen Josebak. Hamabost minutu geroago ni etxetik jaitsi nintzen eta jendetza asko ikusi nuen. Hurbiltzen nintzen heinean, gero eta urduriago jartzen nintzen. Poliziak egindako hesira iritsi nintzen eta ezin nuen ezer ikusi. Pare bat auto zeuden, eta horietako bat senarrarena zen, nik ezin nuen matrikula ikusi, oso urduri nengoen eta ezin nuen ezer egin”
“Gogoratzen dut emakume bati matrikularen zenbakia galdetu niola, baina emakumeak beste autoaren zenbakia eman zidan. Polizia batek entzun zidan eta esan zidan hori ez zela atentatuaren autoaren matrikula, eta une hartan esan nuen: “senarra”. Mutil horrek berehala hartu, eta barruan sartu ninduen. Nik batez ere semeaz galdetzen nion, eta seme ondo zegoela erantzun zidan, senarra zauritu zutela eta lasai egoteko. Hori ez esateko esaten nien, banekiela senarra hilda zegoela, baina semea non zegoen esateko eskatzen nien. Nik gain hartu nuen senarra hil zutela, baina kezka nagusia semea zauritu zuten edo ez zen. Poliziak oso jatorrak izan ziren, oso zintzoak izan ziren nirekin, eta ospitalera eraman ninduten”.
“Han semea ikusi nuen eta lasaiago gelditu nintzen. Orduan hasi nintzen senarraz galdetzen, nola zegoen jakin nahi nuen. Ezin dut askoz gehiago esan, bost egun igaro ziren: 1993ko azaroaren 22tik, astelehena, atentatua gertatu zen, eta azaroaren 26an, ostirala, hil zen Joseba. Gogoratzen dudan gauza bakarra da berarekin egon nahi nuela beti. Jende asko joan zen hara. Senarraren lankide guztiak han ziren, ez zuten etxera joan nahi. Egun guztietan, 24 ordu, guri laguntzeko prest egon ziren. Senarraren eraztuna eta Josebaren unitatekoak oparitutako txapa eman zidaten egun batean. Aipatutako txapa Garaikoetxearen entzunaldien epaiketa zela-eta kargua utzi zuenean oparitu zioten. Lauburua grabatuta zuen (euskal ikurra da) eta “Gaur eta bihar, beti zurekin” jartzen zuen. Josebarentzat oso garrantzitsua zen. Berak trebatutako eta unitaterako aukeratuko pertsonek oparitu zioten. Gainean jarri nuen, eta oraindik ere nirekin eramaten dut beti, oso garrantzitsua delako, haren lanbidearen, hark maite zuenaren oroitzapena delako”.
“Atentatuaren ondoren, nire bizitza erabat aldatu zen. Hasierako zazpi urteak oso txarrak izan ziren; zenbait arazori egin behar izan nien aurre. Hasteko, seme nagusiak (16 urte zituen garai hartan), zazpi urtez oso gaizki pasatu zuen eta ikasketak utzi zituen. Nota bikainak ateratzen zituen, baina atentatuaren ostean ezin zuen ezta ikasgai bat ere gainditu. Urtebetez saiatu nintzen aurrera egitera bultzatzen, baina konturatu ginen ezinezkoa zela. Niri ere gertatu zitzaidan; atentatua baino lehen liburu bat hartu eta harrapatuta gelditzen nintzen, baina ostean, ezin nuen libururik irakurri. Burua joaten zait, ezin dut barneratu irakurtzen dudana. Semeari gertatzen zitzaiona niri ere gertatzen zitzaidala konturatu nintzen, eta saiatu nintzen semea nolabait sustatzen, gustukoak zituen gauzak eginez. 13 urteko alabarentzat Joseba bere aita zen, Joseba etorri arte ez baitzuen aitarik ezagutu. Zazpi urtez seme-alabez arduratu nintzen”.
“Semeak 16 urte zituen, bazekien gidatzen, eta 18 urte bete nahi zituen gida-baimena ateratzeko. Gainera, nota onak ateraz gero motorra erosiko ziola esan zion aitak. Baina 23 urte bete arte ezin izan zuen auto batean sartu, senarra hil zutenean gidariaren alboko eserlekuan baitzihoan. Aita garondoan tiroa zuela erortzen ikusi zuen, eta kontatu didatenaren arabera, ondoren autotik irten zen eta haien atzetik joan zen, baina geldiarazi zuten. Zazpi urtez oso gaizki pasatu zuen, eta 23 urte zituenean gida-baimena nahi zuela esan zidan. Biok zenbait egun behar izan genituen semea autoan sar zedin, bolantea har zezan. Ia bi hilabete izan ziren. Bolantea gidatzearen inpresioa kendu zuenean, gidatzen hasi zen eta berehala lortu zuen baimena. Berriz ikasten hasi da, eta bere gauzak egiten ditu, pixkanaka-pixkanaka hobetzen doa. Alabekin beste gauza bat da… Orduan jauzi nintzen ni”.
“Seme-alabak hobeto jarri zirenean eta normalizatu zirenean, ni depresio handia izaten hasi nintzen. 25 kilo galdu nituen. Hiru urte oso gaizki egon nintzen. Ondorioz, sabel-arazoak izan nituen. Sabelaren laurdena kendu behar izan zidaten. Horren ostean, tiroide-arazo bat, bihotz-arazoak, takikardiak, estutasuna… izan nituen. Orain pilulak eta botikak behar ditut. Gaizki jarri nintzenetik ia 12 urte igaro badira ere, barruan duzun eta kendu ezin duzun zerbait da. Seme-alabengatik eta, orain, ilobengatik egiten dut aurrera. Ilobak izaten hasi naiz, eta ilusioa daukat berriz, baina ez da gauza bera, zure bizitza guztiz aldatu delako. Zenbait urtez nirekin bizi izan den pertsona falta zait; pertsona horrekin zahartzarorako ilusio batzuk sortu nituen, bakarrik, seme-alabarik gabe egongo ginen garaiaz pentsatzen genuen… Elkarrekin zahar egingo ginela uste genuen, baina orain ez dut halakorik. Gauak bereziki txarrak dira, bakar-bakarrik nagoelako. Gainera, seme-alaben, etxearen etab.en inguruan erabaki asko hartu behar ditut, beti elkarrekin hartzen genituen halako erabakiak, baina orain niri egokitzen zait. Oso gogorra egiten zait”.
“Joseba hil eta handik urtebetera, gutxi gorabehera, gertatutako zerbait gogoratzen dut. Alaba gazteena gaixorik jarri zen eta medikurengana eraman nuen. Bakarrik nengoan medikuren zain, eta beti Josebarekin joaten nintzenez, negarrez hasi nintzen, ezin izan nuen besterik egin. Oso gogorra izan zen niretzat. Ez dakit zer gertatu zitzaidan. Neure burua bakarrik alabarekin ikusi nuenean… Laster nebari deitu nion eta azkar-azkar etorri zen, ezin nuelako ezta medikuarekin hitz egin ere. Saiatzen zen nirekin hitz egiten, baina ezin nuen. Oso gaizki pasatu nuen”.
“Senarra eta biok betiko lagun-taldea genuen. Lagunentzat oso gogorra izan zen. Nirekin bikainak izan ziren, baina mina barruan eramaten zuten beraiek ere. Bestalde, nire ingurunean babestuta ikusi nuen neure burua, asko lagundu zidaten denok. Senarraren arrebek ere oso gaizki pasatu zuten; Joseba gazteena zen, eta nolabait denon semetzat hartzen zuten. Zorte handia izan dut, nire munduan denon babesa izan dudalako. Familiarena, lagunena eta gizarte-giroarena”.
“Nire ustez, Joseba nirekin dago beti, eta erabakiren bat hartu behar dudanean berarekin hitz egiten dut eta galdetzen diot. Beti nire aurrean dut, logela guztietan argazkiak ditut. Ez naiz bakarrik sentitzen, batez ere orain; izan ere, alaba gazteena izan ezik, beste biak ezkondu dira eta euren familiak dituzte. Dena dela, seme-alabekin askotan izaten naiz, animatzen naizelako eta hori baita nik dudana”.
“Gaur egun seme-alabak aurrera irten dira, euren familiak sortu dituzte. Oroimena han izango da beti. Semea ertzaina da, beti nahi izan du lanbide horretan aritu. Ni oso harro nago. Alabak ere lan egiten du eta haurtxo bat izango du. Alaba gazteak karrera bat ikasten du. Gutxi gorabehera aurrera egin dugu. Seme-alabei ez zaio asko gustatzen gaiari buruz hitz egitea. Aitari buruz hitz egin bai, berarekin zer egiten genuen gogoratzea dute gogoko. Nolakoa zen, zer egiten zuten mendira joaten zirenean… Batez ere alaba gazteenarekin hitz egiten dute, senarra hil zenean 18 hilabete baino ez zituelako. Seme-alabak elkartzen dira eta gauzak kontatzen dizkiote, argazkiak erakutsi, nolako zen azaltzen diote. Baina ondoren gertatu zenaz ez dute hitz egiten”.
“Nik jarraitzen dut Josebarekin, seme-alabekin, ilobekin eta lanarekin bizitzen. Aurrera egiten dut aurrera egin behar dudalako. Baina beti falta zait zerbait, eta ezin dut hori saihestu. Oso zaila da bizitza berri bat hastea gizon batekin gauza asko eta maitasun handia partekatu ondoren. Nik uste dut ezinezkoa dela. Batzuetan, koinatekin hitz egiten dudanean, txantxetan esaten didate gehiegi eskatzen dudala, baina horrela gogoratzen dut eta ez naiz gutxiagorekin ados geldituko. Jainkoari esker, oraindik koinatekin askotan izaten naiz, eta eskerrak eman behar dizkiet asko lagundu didatelako, gauza asko gainditzen lagundu didatelako, seme-alabekin lagundu didatelako…, beti egon direlako gurekin. Horrelaxe da nire bizitza orain, lan egiten dut eta familiarekin egoten naiz. Eta biktimen inguruan zerbait egiten denean, informatzen naiz”.
“Biktimen, elkarteen… inguruko gaiak ezagutzen joan naiz. Gai horrekiko konpromisoa hartu dut, jendeari lagundu nahi diot elkarte batean egon gabe. Batzuetan, Joseba ezaguna zenez, eta ondoren ni ere ezagun bihurtu naizenez, deitu egin didate eta biktimei laguntzen saiatu naiz, mila pausu eman beharrean, pausu jakin bat eman dezaten. Edo besterik gabe, deitu eta elkarrekin kafe bat hartu dugu. Agian zenbait unetan hitz egitea da gehien gustatzen zaiguna, eta batez ere zu bizitakoa bizi izan duten pertsonekin”.
“Beti bakearen alde egin dut lan, zehazki, nire senarrari historiagatik. Poliziarekin asko sufritu zuen Francoren garaian, kartzelan ere izan zen. Ondoren polizia izan zen, eta guztioi erakutsi zigun ezin dugula gorrotatu, gorrotoa zentzugabea delako eta ez duelako ezer onik ekartzen. Irakatsitako hori guztia hil arte mantendu zuen. Hil zenean, gorrotoa baino, pena sentitu nuen; ez zekiten zer pertsona zoragarri hilko zuten, zelako lan egin zuen presoen alde. Nik uste dut ez zekitela nor zen nire senarra, bestela, ez lukete hilko. Horregatik ematen dit pena”.
“Nik ere seme-alabei ez gorrotatzen irakatsi diet. Oso ideia argiak ditut elkarrizketaren alde eta, batez ere, optimismo eta itxaropen handia izatearen alde, eta oraindik horiek ditut, bakea delako nik gehien nahi dudana. Senarraren heriotzarekin dena amaitzea zen gehien nahi nuena. Zoritzarrez, beste istorio batzuk bizi behar izan nituen, beste lankide eta lagun batzuk ere hil zituzten. Baina bakearen ideiarekin jarraitu nuen, gure herri zoragarrian bizitzeko ideiarekin, nire seme-alabek ondo bizi behar zutela eta, ondoren, ilobak jaio eta Euskadi lasai, aske eta bakean biziko zirela. Beti horren alde borrokatu dut, eta horrek lagundu nau hasiera-hasieratik. Ez nuen gorrotorik sentitu, pena sentitu nuen, dena oso gaizki egiten ari zutela pentsatzen bainuen”.
“Atentatuarengatik lehen epaia 1998an izan zen, eta atxilotutako azken pertsonaren aurkako azken epaia —Frantzian egon baitzen luze errefuxiatuta— aurtengo (2012) apirilean eman dute. Senarra ez didate itzuliko. Epaitu eta kondenatu dituzte, eta badakigu ez dituztela kondena osoak beteko, baina onartu beharra dugu, bizi behar dugu, aurrera jarraitu behar dugu. Horren aurka ezin dut ezer egin, eta ez dut beti gorrotoa sentituko, bestela izorratuko naiz. Nahiago dut aurrera egin horretan pentsatu gabe. Gorrotoak kalte egiten dizu, eta gauza gutxi ditudanez aurrera egiteko, ez diot neure buruari kalte egin nahi. Ez diet ez haiei, ez inori hori emango. Hiru seme-alaba bikain ditut, iloba ederra eta beste bat izango dut laster, eta niretzako hori egundokoa da, lana dut eta bizi naiz. Eduki beharko nituen gauza asko falta zaizkit, eta bakarrik sentitzen naiz, baina ez nuke inoiz gorrotorik sentituko. Horrek ez du ezer konpontzen”.
“ETAk jarduera armatua utzi du eta horrek lasaitasun handia ekarri dit. Seguru nago behin betikoa izango dela, ez naizela jaiki behar eta pentsatu “zer gertatuko da gaur?”, lagunen bati agian, lagun eta lankide asko hil dituztelako, ez dut atentaturen bat gerta daitekeela pentsatzearen larritasuna sentitu behar… 19 urtez hala bizi izan dugu, goizero larritasuna izan dugu, zerbait gertatzen den bakoitzean, berriz guri gertatutakoa gogoratzen dugulako. Berriz zuri gertatutakoa bizi, eta familiak sentitzen duena sentitzen duzu. Izugarria da. Orain pozik nago, hau jarraituko duelakoan nago, eta horren alde egiten dut eta egingo dut beti. Ilobek halakorik bizi behar ez izatea espero dut, Euskadi den moduan ezagutuko dutelakoan nago”.