El 25 de octubre de 1978, la vida de Rosa Vadillo se partió en dos después de que ETA asesinara a su marido, Epifanio Vidal. La víctima trabajaba en un taller y varios terroristas esperaron a su salida del trabajo para dispararlo a bocajarro. Vadillo buscó refugio en su trabajo y tuvo también que centrarse en sacar adelante a su hijo Iban.

DATU PERTSONALAK:

Izena: Rosa Vadillo Uranga

Adina: 57 años (1955)

Lanbidea: Peoi espezialista

Familia-egoera: Alarguna. Seme bat du.

Jaioterria: Burgosko herri txiki batekoa da, eta Durangora (Bizkaia) etorri zen urtebete zuela. Herri horretan bizi da oraindik Iban semearekin.

TALDEA: Biktimen senideak.

GERTAERAK

- 1978ko urriaren 25an, Rosa Vadilloren bizitza hautsi egin zen ETAk senarra, Epifanio Vidal, hil zuelako.  Biktimak tailer batean egiten zuen lan, eta terroristak lanetik noiz aterako zen zain ziren; atera zenean, tiro egin zioten ondo-ondotik.
- Senarra hil zenean zenbait hilabete zail bizi ondoren, Rosa Vadillo lanean babestu zen eta Iban semeaz arduratu behar izan zuen.

ONDORIOAK

“Senarraren aurkako atentatuaren garaian, goizeko 7etatik arratsaldeko 4etara egiten nuen lan. Oso bikote gaztea ginen (Rosak 23 urte zituen eta Epifaniok 27), eta urtebeteko haurra genuen. Lantokian ordu erdi genuen bazkaltzeko, eta tailerrean bazkaltzen nuen. Amak Iban zaintzen zuen, baita amaginarrebak ere; azken honek bazkaldu ondoren igotzen zen eta kalera eramaten zuen. Lanetik irten bezain pronto, dutxa hartu, arropa aldatu eta semea hartzera jaisten nintzen. Senarra arratsaldeko seietan irteten zen lanetik, eta buelta bat ematen genuen semeari afaria eman aurretik. Asteburuetan beti hirurak elkarrekin izaten ginen. Ez genuen etxerik, nire gurasoekin bizi ginen. Oso bizitza normala genuen”.

“Epifaniok garaje batean txapista egiten zuen lan. Ez zuen inoiz bere bizitza aldatzeko moduko zerbaiten susmorik izan mehatxatuta zegoelako.  Haren kontrako atentatua egin zuten arte, oso bizitza normal eta lasaia izan genuen.  Ez zuen inoren mehatxurik jaso, ez kalean, ez etxera deituz.  Atentatuaren ostean, betikoa gertatu zen, batzuek edo zenbait egunkarik esan zuten salataria zela. Garai hartan, oso ohikoak ziren halako komentarioak. Orain, azken garai honetan, atentatu baten ostean amorrua edo haserrea islatzen da lehen baino gehiago. Baina garai hartan ez, egindakoa justifikatu behar zela ematen zuen, hori zen ohikoena”.

“Atentatuaren egunean “Epi” lanera joan zen bi lankiderekin.  Kontatu didatenez, bi mutil hurbildu ziren eta Vidal deitu zuten; senarra atzean gelditu zen mutilekin eta lankideek aurrera jarraitu zuten. Lankideek aurrean zeudela, tiro egin zioten.  Hirugarren terrorista bat auto batean zegoen, eta ihes egin zuten autoan.  Gertatutakoa jakin nuen ia-ia telebistako berriei esker. Ahizpa nagusiaren senarrak eman zidan gertatukoaren berri. Aitak hilerrian ikusi zuen nire senarra. Gainezka geunden. Une hartan ezin nuen gertatutakoa onartu, eta esaten bazidaten ere, nik uste nuen ikusi beharra nuela”.

“Hileta-egunean, ez banuen nahi ere, beltzez jantzi behar nuen, baina ez nuen arropa beltzik. Amaginarreba eta aitaginarrebarengatik jantzi nintzen beltzez. Hileta ostean jakin nuen muturreko eskuineko batzuek egoera baliatu zutela. Gu ez genuen horrekin zerikusirik, eta egindakoaren bidez “Epi” hil zutenei arrazoia ematen zietela ematen zuen. Durangoko tabernaren batera joan omen ziren eta hainbat pertsonarekin borrokatu zuten. Horrek mina egin zidan; izan ere, halako komentarioek egiten zituztenei arrazoia ematen zietela ematen zuen. Baina azkenean jakin izan dute nolakoak izan garen eta nola jokatu dugun. Nik argi dut “Epi” ez zela ezertan sartu eta ez zegoela mehatxatuta. Agian modu hartan jokatu zuten ETAk senarrak hil zutenean egin zituen akusazioengatik”.

“Horrez gain, beste ondokoa ere gertatu zen: atentatua urriaren 25ean izan zen, eta Domu Santuan (azaroak 1) familiaren panteoian Espainiako banderaren pegatina jarrita zegoen. Halako gauzen bidez, ETAkoei arrazoia ematen zieten. Gauza zehatz batzuk izan ziren, besterik ez. 1978an beste zerbait gertatu zitzaidan. Lehenengo hauteskundeetan izan zen, eta nire etxeko postontzietan Alianza Popularreko hauteskunde-propaganda zegoen, bakarrik  nirean, eta zortzi bizilagun ginen. Gainontzeko postontzietan ez zegoen. Gogorra iruditu zitzaidan. Zergatik uste zuten halako ideiak izan behar nituela? Nire ideiak izan ditut beti, eta ez nituen aldatu. Ez naiz haien aldekoa, biktima banaiz ere”.

“Nik ez nituen komentarioak zuzenean jasotzen. Esaterako, lagun bati esan zioten niri ordaindu egiten zidatela, eta lagunak esan zien hori ez zela posible, ezkondu ostean logelako altzariak erosteko ere epeka ordaindu behar nituela. Ez ziren niregana etortzen halakoak esateko, baina komentario horiek egiten zituzten, eta horrek min handia egiten zidan.  Esan didate, edo komentatu didate… Nire askotan leporatu didate hitz egiten dudala gauzak jakin gabe. Baina komentarioek iraun zuten iraun zutena, eta ondoren aurrera egin behar izan nuen, eguneroko gauzei aurre egin”.

“Atentatuaren eguna basakeria, erokeria izan zela gogoratzen dut. 10 edo 12 egunez esnea kakaorekin baino ez nuen hartzen, ez nuen kaferik hartu nahi. Asko erretzen nuen, gauzaren bat esaten zidatenean, sutan jartzen nintzen. Ez dut inoiz lo egiteko botikarik hartu, eta lehen gauean Valium eman zidaten, zortzi ordu egin nuen lo.  Hodei batean nengoen.  Medikuak esaten zidan ez zuela ikusten aurrera egiten nuenik, eta alta eman zidan, lan egitera joan behar nuela eta nola sentitzen nintzen aztertuko genuen.  Lan egitea, une hartan behar nuen askapena izan zen. Etxean nengoenean buruan bueltak ematen nituen. Tailerrera lan egitera joaten nintzenean, nahiko deskonektatzen nuen, etxeko arazoak lantokiko atean uzten nituen, eta irteten nintzenean, berriz hartzen nituen. Beti korrika irteten nintzen, eta jendea hasieran hitz egitera hurbiltzen zitzaidan, baina mesfidantzaz.  Lanera itzultzea oso mesedegarria izan zen niretzat”.

“Ibanek ohera joaten zenean musu bana ematen zigun.  Atentatuaren osteko hasierako egunetan oso harrituta zegoen, musua ematen zigun guztioi, baina zain gelditzen zen, norbait falta zitzaion. Hamabost bat egunez oso urduri egon zen. Nahi gabe umeari transmititzen genion gure tentsioa.  Ondorengo erreakzioak sabeldura handiak izan ziren. Iban gainontzeko umeak bezala hazi dugu, aita ez badu ere. Une hartan nire neba zuen, gaztea zen, eta nire aita ere gurekin zen. Aitaren irudia horiengan ikus zezakeen”.

“Iban ez zuen arbuiorik sentitu. Jende askok ez zekien, ezta eskolan ere, aitarik gabea zela terrorismoa dela-eta. Batzuek agian bazekiten, gurasoek ezagutzen nindutelako eta nik esan nielako. Baina ez zuen diskriminaziorik sentitu terrorismoaren biktima izateagatik”.

“Durango herrian beti izan dira ETAko kide asko. Denboraren buruan konturatu naiz horretaz. Herrian ziren pertsona batzuk ETAkoak omen zirela zioten, baina ez zidaten gaizki begiratzen. Enpresan Herri Batasunaren (HB) aldeko batzuekin egin dut lan, baina ez didate inoiz ezer esan. Nire bizitza oso normala izan da; dena dela, kanpoko jendeak ez du ulertzen nola jarrai dezakedan Durangon bizitzen, hemen genuen guztiarekin”.

“Atentatuaren ostean ez zen komunikabiderik edo politikorik niregana etorri. Bakarra hurbildu zen, atentatua eta aste betera, auzoko udaltzain bat etorri zen. Etxera etorri zen ezkutuan, eta Bilboko Gobernu Zibilera joan behar nuela esan zidan. Han milioi bat pezeta (6.000 €) baino zertxobait gehiagoko txekea eman zidaten, eta inori ez esateko esan zidaten. Hori baino ez nuen jaso une hartan, baina dirurik ez genuenez, oso mesedegarria izan zitzaidala onartzen dut. Denbora joan ahala, dena jakiten da, eta esaten dutenez, niri eman beharreko kopuruaren zati batekin gelditu ziren.  Ondoren, halako gaietan lagundu ahal zidaten batzuekin elkartu nintzen.  Madrilen AVT sortu zuten lehenak ziren. Hasierako kontaktuak onak izan ziren, baina gero kudeatzaileak aldatu zituzten…”.

“Senarraren aurkako atentatuaren ostean, Durango beste pertsona batzuk ere hil dituzte. “Epi” eta gero, udaltzain bat hil zuten, Ejertzitoko kapitaina zen eta farmazia bat zuen… Gaizki pasatzen duzu, jende guztia ezagutzen duzulako.  Hildako guztiak ezagutzen nituen. Garai hartan, denok ezagutzen genuen elkar, aurpegiz ez bazen ere”.

“Egun batetik bestera, lan egiteko beharra nuen eta aita eta ama izan behar nuen aldi berean. Oso gogorra izan zen. Garai harten, gurasoen, ni baino 16 hilabete gehiago dituen ahizparen (beti izan gara ahizpa eta lagun), ni baino 10 urte gutxiago dituen nebaren eta beste ahizpa nagusi baten laguntza nuen… Etxeko giroari dagokionez, beti elkarrekin ginen, baina gai hori beti tabu izan da. Agian lehenengo Gabonak gogorrak izan ziren, baina beti ahalegin handia egin dut Iban aurrera ateratzeko. Semeak asko hitz egiten du, eta beti zoriontsu ikusi dut, zerbaiten falta badu ere. Ibanen muga, ikasketetan ez zuela arreta jartzen izan zitekeen.  Ikasle txarra izan da, beti hausnartzen dagoelako. Baina gainontzekoekiko harremanetan ez du arazorik izan”.

“Beti esan dut agian garai hartan ez zeudela gaur dauden profesionalak, aurrera egiten laguntzeko. Gaztea zenean tratatuz gero, errazagoa litzateke.  Batzuetan uste dut denbora galdu dugula. Gogoratzen dut psikologora joan zen lehendabiziko aldiz marrazkiak egiteko eskatzen ziola, sei urte zituen.  Beti gauza bera egiten zuen. Esaterako, mahaia marraztu behar bazuen, denok agertzen ginen mahaiaren inguruan, baina leku bat hutsik uzten zuen. “Nik uste du Iban ondo egon dela, ikasketak izan dira ardura nagusia”.

“Senarraren atentatutik hamabost urte igaro zirela, 1993an, nerbio-anorexia izan nuen eta ospitalean izan nintzen. Azkenean, barruan nituen gauza guztiak nolabait atera behar nituen. Baina ez dut beste ondorio fisikorik jasan”.

“Nolakoa naizen azaltzeko, anekdota bat kontatuko dut. Uste dut Ibanek 14 urte zituela, eta haserretu ginen. Ibanek jotzeko keinua egin zidan, eta oso egoera tirabiratsua izan zen. Biharamunean, lankide batean lanean nengoen eta barrez ikusi ninduenean esan zidan zoriontasun handia nuela barruan.  Aurreko egunean semearekin gertatutakoa kontatu nion eta harrituta gelditu zen barre egiten nuelako. Une txarrak barrez, asko hitz eginez… islatzen ditudala uste dut. Horrek guztiak arazo handiak ekarri zizkidan, ama eta aita izan behar nuelako, baina Ibanek ez zuen hori ulertzen txikia zenean. Bazekien ni ama nintzela, baina aitaren lanak ere egin behar nituen; aitak hitz bakarrarekin errespetua jartzen zuen”.

“Ia 39 urtez egin dut lan tailer horretan, eta lanak bizia eman didala esan dezaket. Uste dut nahiko zoriontsu izan naizela, atentatua gertatu bazen eta ondoren beste batzuk izan badira ere, atentatu bakoitzak niri gertatutako guztia berriz biziarazten nauelako. Bestela, uste dut nahiko ondo egon naizela”.

“Ez dut inoiz errefusapenik sentitu, ezta lehen egunean ere. Senarraren hiletara jende asko joan zen, urte gogor-gogorrak baziren ere eta atentatua gertatu zen moduan gertatu bazen ere. Batzuek esan zidaten beldurra zutela. Baina ez dut inoiz errefusapenik sentitu. Lagundu ninduten eta herrian maite nautela sentitzen dut”.

“Garai hartan, edozer gauza gertatzen zen eta kalera irten behar ginen “bai ala bai”, eta horrek haserretzen ninduen, neure buruari galdetzen nion zergatik joan behar nintzen kalera protestatzera nire senarra hil bazuten eta bizitza erdia kendu bazidaten. Horrek amorratzen ninduen. Kalean ikusten ziren kartelen inguruan, albotik igarotzen nintzen, eta begiratzen banituen, horma zuria ikusten nuela ematen zuen. Ondoren, arrazoi politikoak zirela-eta nire enpresako komiteak erabaki zuen nahi zuenak atera behar zuela protestatzera, ezin baitzuten jendea nahi ez zuen nonbaitera joatera behartu.  Casas sozialista hil zutenean, batzuek tailerretik protestatzera irtetea proposatu zuten. Zazpi edo zortzi irten ginen, eta biharamunean betikoetako batek etorri zen gugana azalpen bila. Nik esan nahi nien ondokoa: batzuek gai batzuengatik irteten baziren, nik ere lanetik irten nezakeela nahi dudalako, ondorio guztiekin, banekielako egun hori ez zidatela ordainduko”.

“Kontzentrazio batera joan nintzen lehendabiziko aldiz Miguel Ángel Blancorena gertatu zenean.  Horrek bereziki hunkitu ninduen. Ez nuen uste hilko zutenik. Garai hartan asteartetik larunbateko arratsaldera arte egiten nuen lan. Irratia piztu nuen eta entzun nuen Ermuko zinegotzi bat bahitu zutela. Askatuko zutelakoan nengoan. Gauean lanetik irten nintzen eta, lagunekin batera, Ermura joan ginen, eta leku batean jende asko zegoen kandelak eskuetan. Une hartan gaizki nengoan, baina zerbait ondo egiten ari nintzela sentitu nuen. Durangon ere astelehenean elizan kontzentrazioa egin zuten, eta hara joan nintzen. Gainontzekoek bezala oihukatu nuen, aurrean besteak bagenituen ere. Zuzen ari ginela sentitu nuen. Ordura arte ez nintzen inoiz mugitzen.  Nik uste dut gizartean boom bat gertatu zela, jende asko irten zen kalera eta oso bidezkoa iruditu zitzaidan.  Baina beti esan dut hori bidezkoa iruditu zitzaidala zentzu horretan, hala ere, baina antzeko zerbait gertatu zenean, hots, ETAK Lemoizko Ryan bahitu zuzenean, horrek ez zuen oihartzunik izan. Gizartea esnatu egin zen Miguel Ángel Blancorena gertatu zenean. Noizbait gertatu behar zen”.

“Dena dela, ondoren dauden prozesu guztiak ikusi ditut eta ez zait bidezkoa iruditzen. Nik ez diot inori inbidiarik, oso ondo jarraitu baitut aurrera nire lanarekin eta pentsioarekin. Baina ikusten dut pertsona batzuek lanpostu garrantzitsuak lortu dituztela. Nire ustez ez da hainbeste biktimen elkarte egon behar; bakarrarekin nahikoa da, eta denek han egon behar dute eta gauzak behar bezala egin behar dira. Jende askok lanpostu bikain bat lortu dute.  Batzuekin baino ez da hori gertatu, baina familia asko gara eta gaizki pasatzen ari gara. Ekonomiari dagokionez ondo banago ere, semea, adibidez, gaizki dago, ez du lanik, eta ni bezalako biktima zuzena da.  Askotan esan dute ikastaroak egingo dituztela, jendea trebatzeko, lana bilatzen laguntzeko… Ez dute ezer egin. ETAk indarkeriari utzi zionean, kanpora irtendako pertsona asko agertu dira eta lagunduko diete Babes Ofizialeko Etxebizitza eta lana lortzen. Eta hemen sufritu dugunoi zer? Horregatik ez zait bidezkoa iruditzen. Azkenen paso egiten dut, baina Ibanen egoerak min handia egiten dit”.

“Ez nuen inoiz Durangotik kanpo bizitzera alde egiteko tentazioa. Urtebete eta erdi baino gutxiago nituela joan ginen egun dugun etxera bizitzera, ez naiz etxez aldatu.  Agian bakarra naiz, gehienek ez dituztelako halako gauzak ulertzen. Zorionekoa naiz, zortea izan dut eta gustura eta ondo sentitu naiz beti. Ez dut inoiz sentitu errefusapenik eta ez dut beldurrik izan”.

“Badakit hiru pertsonak hartu zutela parte senarraren hilketan, baina ez dakit nortzuk diren, ez dituzte harrapatu edo esan nor diren. Nire kasuak preskribatu du eta listo. Hortxe gelditu da dena. Atentatuaren lekua desagertu da, han eraiki dutelako. Batzuetan handik igarotzen naiz eta pentsatzen dut non gertatu zen gutxi gorabehera, baina ezin dut esan “hemen izan zen”. Nire ustez, gauza txarrak buruko txoko txiki batean ditugu, eta gauzen alde onarekin gelditzen saiatzen naiz”.

“Senarraren anaia bat zenbait egun kanpora joan zen atentatua gertatu ondoren, berdin-berdinak ziren biak. Ez zuten elkarrekin lan egiten, baina hurbil zeuden. Koinatua hasi zen pentsatzen agian beraren aurkako atentatua izan behar zuela, senarrari Vidal esan ziotelako. Bat edo bestea izan zitekeen. Nik ulertzen dut alde egin izana; handik urtebetera amaginarreba eta aitaginarreba eta arreba gauza bera egin zuten. Arreba gazteena gelditu zen”.

“Haiekin kontaktuan jarraitu nuen, semeak familia duela jakin zezan, baina ez haiek zerbait erakutsi zidatelako. Familia politikoaren falta izan dut beti, une jakin batean laguntzeko edo zerbait behar ote nuen galdetzeko.  Urteen buruan senarraren argazkiak behar nituela esan nien, semeari aita nolakoa zen erakutsi nahi niolako. Une hartan esan zidaten nire familiaren babesa bilatu nuela, baina, noren babesa bestela? Haiek ez zidaten une jakin batean behar nuen konfiantza edo maitasuna erakutsi. Uste dut ez nuela haiekin gaizki jokatu”.

“Ez dut inoiz amorrurik erakutsi, inoiz. Horma batean kartelak ikusten baditut, ez ikusiarena egiten dut.  Orain agian gelditzen naiz eta begiratzen dut zer jartzen duen. Astelehenetan kontzentrazioak egiten dituzte eta pankartak eramaten dituzte, denak dira ezagunak. Hasieran aurretik joatea enbarazu egiten zidan. Orain ez ditut begiratzen. Badakit nortzuk dauden, ezagutzen ditut-eta.  Baina handik igaro behar badut, ez naiz kikilduko. Ez dut inoiz beldurrik izan”.

“Ez dut barkatu, ez dudala zer bakartzerik uste dut. Ez naute hil.  Hildakoari eskatu behar diote barkamena. Baina amorru handia ematen dit ETAko presoen senideek udalei laguntza eskatzen diotenean presoak ikustera joateko. Errespetatzen dut, askotan errepideetan jendea hiltzen delako. Baina gustatuko litzaidake niri mila kilometro ibiltzea nire senarrarekin hitz egiteko eta besarkada emateko. Herriko hilerrira joan baino ezin dut egin”.

“Zenbait gauza amorru ematen didate. Hainbat urtez, norbaitek halako gairen bat ateratzen bazuen, ni ez nintzen sartzen. Orain, aldiz, erantzuten dut eta norbait hil dutelako daudela kartzelan esaten dut. Nortzuk dira beste bati bizitza kentzeko? Hemen ez dugu guda bat izan, gatazka bat izan dugu. Haiek prestatu dute guda”.

“Beti esan dut inoiz ez dela berandu zerbait ona egiteko. Urte luze asko behar izan dituzte. Eusko Jaurlaritzaren edo nire herriko alkatearen onarpenaren zain egon naiz. Arantza bat izan dut beti. Durangoko alkate bat nirekin harremanetan jarri zen. Ohar bat bidali zidan eta ohar horren bidez dolumina adierazi eta asko sentitzen zuela esan zidan. Berarengana joan behar izan nuen eskerrak emateko, ordura arte ez baitzen inork nirekin harremanetan jarri. Ondoren zenbait aldiz egon nintzen berarekin, eta Durangon izandako biktimen aldeko monolitoa jarri zuten. Uste dut onarpenak ondo eginda daudela”.

“Senarraren kasuan ez da justiziarik egon. Nire ustez, garai hartan poliziak ez zuen lan egiten azken urteotan egiten duen bezala. Dena geldi-geldi zegoen; bai justizia, bai herria. Eta hitz zehatza litzateke niri ez zaidala egokitu.  Baina egun gai horietaz paso egiten dut. Nire bizitza bizi nahi dut pozten nauten gauzekin, besterik gabe”.