Banda armatuan militante izan zenez, hasieran kostatu zitzaion atentatu terroristak jendaurrean errefusatzea, baina 90eko hamarkadaren erdialdean bete-betean sartu zen Gesto por la Paz mugimenduan. Jarduera horrengatik jaso zituen ETAren ingurukoen hasierako mehatxuak. 1999an Zarautzeko Udaleko PSEko zinegotzi bihurtu zen. Handik gutxira, ETAk lan-tresnak eta furgoneta gordetzeko biltokia erre zion eta mehatxatu egin zuten zenbait pintadaren bitartez.
- Patxi Elola Frantziatik itzuli zen 1976an, herrialde horretan errefuxiatu baitzen ETA (p-m)-ko militante bi urtez izan eta gero. Zarautzera itzulitakoan, zenbait mugimendu-politikotan sartu zen, eta egun PSEko kide da; alderdi horretako zinegotzi da bere herrian.
- Banda armatuan militante izan zenez, hasieran kostatu zitzaion atentatu terroristak jendaurrean errefusatzea, baina 90eko hamarkadaren erdialdean bete-betean sartu zen Gesto por la Paz mugimenduan. Jarduera horrengatik jaso zituen ETAren ingurukoen hasierako mehatxuak.
- 1999an Zarautzeko Udaleko PSEko zinegotzi bihurtu zen. Handik gutxira, ETAk lan-tresnak eta furgoneta gordetzeko biltokia erre zion eta mehatxatu egin zuten zenbait pintadaren bitartez.
- Mehatxuak zirela-eta, hainbat urtean beldurtuta eta eskoltekin bizi izan zen Patxi Elola. Dena dela, horri aurre egin zion eta jendaurrean ahultasuna ez erakustea erabaki zuen.
“Frankismoaren azken urteetan, gauzen jakitun izateko moduko adina nuen. Jaiotako giroan, familia beti konprometitua izan da, nazionalista gehien bat, baina sozialista, ezkerrekoa. Frankismoaren azken urteetan, hainbat herritar-mugimen garrantzitsu zeuden, baita errepresio handia ere. Hortaz, gazteak zenbait mugimendutan inplikatzen ginen soilik Frankoren Diktadurari aurre egiteko. Mugimendu guztietan sartu nintzen: parrokiako gazteak, kultura-antolakundeak eta baita ETA ere.
“Askatasunaren aldeko borrokalaria naizela uste dut. Une hartan, Frankoren aurkako borrokalaria nintzen, eta ETAren bidez bideratu nuen nire borroka. Horregatik, 1974tik 1976ra, h erbesteratu behar izan nintzen. ETA banatu zenean, ETA (p-m) mugimenduaren alde agertu nintzen. Aukera izan bezain pronto, Frantziatik itzuli nintzen. Ez nuen ETAn jarraitu nahi. “
Pertur” bezala pentsatzen nuen, hots, Frankismoa amaitzen zela, eta prestatu behar ginela barrutik borrokatzeko, antolakundeetatik, esaterako, alderdi politikoen bidez. Beraz, 1976an Zarautzera itzuli, eta “milia” egin behar izan nuen. Ondoren, EIAren (Euskal Iraultzarako Alderdia) sorreran hartu nuen parte, eta, gero, Euskadiko Ezkerran, Alderdi Sozialistarekin bat egin zuen arte; alderdi horretan jarraitzen dut oraindik ere”.
“Asko kostatu zitzaidan ETAren atentatuak kondenatzea, nahiz eta Euskadiko Ezkerran egon, eta ez antolakundean. Baina, Gesto por la Pazen bidez hasi nintzen nire kondena bideratzen, 80ko hamarkadaren amaiera arte. Onartu beharra dut hasieran kontzentrazioen atzealdean jartzen nintzela, lotsa ematen zidalako. Atentatuen aurkakoa nintzen, baina aspaldi ETAko kide izan nintzenez, zaila nuen jendaurrean kondenatzea. 80ko hamarkadan gizarte pasiboko bat nintzen. Baina lehen lerroan jartzeko garaia heldu zen, aurrean jarri behar nuela ulertu nuelako, pankarta eraman behar nuela, ETA (p-m)-ko kide izandako beste batzuekin batera, eta aurrean beste kontra-manifestazio batzuk jartzen zirenean”.
“Zarautzen Gesto por la Pazeko aktibista nabarmenetako bat izateagatik, zehazki, jaso nituen lehen mehatxu eta aipamenak; 90eko hamarkadaren erdialdean izan zen. Batez ere, bi urtez
Julio Iglesias,
Aldaya eta
Ortega Lararen bahiketen aurka astelehenero manifestazioa egiten genuenean. Protesta horien bidez, biktimekiko elkartasun handiagoa adierazi nuen; gainera, ezagutzen nituen aurrean manifestatzen ziren pertsonak, eta haiek ezagutzen ninduten. Ezker abertzalekoak izugarri amorratzen ziren teorian beraien aldeko zen norbaitek indarkeria kondenatzen bazuen; dena dela, indarkeria erabiltzeari utzi zion arlokoa nintzen”.
“Herrian ezaguna izan naiz beti, hainbat mugimendutan parte hartu dudalako, kirol-, kultura-, gizarte-mugimenduetan, GKEtan… Baina aurpegi txarrak ikusten hasi nintzen Gesto por la Pazen parte hartzen hasi nintzenean. Ezker abertzalekoei min egiten zien kalea eurena zela uste zutelako, eta une hartara arte beraiena izandako eremua, ezker abertzalekoek beti erabili izan zuten eremua, okupatu zuen Gesto por la Pazek. Horregatik jartzen ziren gure aurrean kontra-manifestazioetan. Denok ezagutzen genuen elkar, eta han hasi ziren aldeak eta erlaziorako ukapena markatzen”.
“Garai hartan, zenbait pertsonaren mespretxua sentitu nuen Gesto por la Pazen alde egiteagatik. Euskadiko Ezkerra alderdian sartu ondoren, nire bilakaera ikusita, “damututzat” ere jo ninduten, eta batzuk adiskide-taldekoak ziren. Ezker abertzaleak beti pentsatu du berak esandako guztia egia dela, eta ez ditu beste ikuspuntu batzuk onartu”.
“Urte gogorrak ziren, ETAk zenbait zinegotzi hil zituen. Zarautzen PPko
José Ignacio Iruretagoyena hil zuen, eta baziren zenbait presio. Zinegotzi hautatu ninduten hauteskunde-kanpainan, gogoratzen dudanez, Euskadiko Ezkerretik etorritako Alderdi Sozialistakoenganako gorrotoa jatorrizko sozialistenganakoa baino handiagoa zen, esparru nazionalistatik gentozelako. Ez zuten ulertu gure bilakaera edo egoeraren inguruan beste irakurketa bat egin genuela. Beraientzat traidoreak ginen”.
“1999ko ekainean, Alderdi Sozialistako zinegotzi lanetan hasi nintzen Zarautzen. Alderdi horretako militante naiz 1993tik, Euskadiko Ezkerrarekin bat egin zuenetik. Kargua hartu eta handik lau hilabetera, azaroan, atentatu bat jasan nuen. Nire biltokia erre zuten, han nituen makinak, furgoneta… Markatuta nengoen. Euren jomuga nintzen. Handik gutxira, pintadak egiten hasi ziren, eta gizaki-silueta bat margotu zuten buruan odola zuela. Horren ostean, zinegotzi izaten hasi eta handik urtebetera, eskolta baten babespean joaten nintzen. Alderdi Sozialistan eskolta izan zuen lehen zinegotzietako bat nintzen”.
“Erretako biltokiak 90 metro karratu zituen, gutxi gorabehera. Molotov koktelak erabili omen zituzten, biltokian botilak eta erregaiak nituen eta. Makinak erre zizkidaten, eta balio handia zuten. Ez nuen biltokia konpondu, hantxe zenbait etxebizitza egin nahi zituztelako. Biltoki berria ezin nuen ikusteko moduan jarri, eta lurrazpiko bat eskuratu nuen; han gauzak ezkutatuta gorde nituen. Gainera, segurtasun-neurri gehiago hartu nituen. Mingarria izan zen eta, horrez gain, helburua ni nintzela sentitu nuen”.
“Ez nuen eraso gehiago jasan, baina kalean seinalatzen ninduten. Kalean edo karteletan agertu dira nire aurkako zenbait pintada. Jaietan paskinak botatzen zituzten, eta nire aurpegia agertzen zen. Neuregatik baino, beldur nintzen semeagatik, jaietan pintadak ikus zitzakeen eta. Emaztearengatik ere beldur nintzen. Nolabait esateko, neuk arrisku hori gain hartzen nuen, baina senideengatik nintzen beldur. Semeari beti azaldu diot errealitatea, heldutasuna eta ulertzeko gaitasuna aintzat hartuta”.
“Zinegotzia nintzela, eta atentatua jasan baino lehen, beldurra sentitzen nuen, seinalatuta nengoelako. Nirekiko gorrotoa ikusten nuen, are gehiago zinegotzia nintzela. Atentatuaren eta pintaden alderdirik larriena, sentiarazten dizuten beldurra da. Ez da arrazionala, kanpotik ezin da kontrolatu. Nik ez nuen nahi norbaitek ustea beldurraren bidez garaituko nindutenik, eta horregatik ez nuen jendaurrean beldurrik erakutsi. Ez dut inoiz atzera egiteko adierazpenik egin, alderantziz. Nire egoera hobetu ahal izateko, baita egoera pertsonala ere, aurre egin behar eta beldurra irentsi behar nuela ulertu dut beti. Garai batean, etxetik irteten nintzenean, bi aldeetara begira nuen, kontuz ibiltzen nintzen…, beldur nintzen. Etxeko sarreran zenbait txoko zeuden, eta batzuetan korrika irteten nintzen, norbait txokoren baten egon zitekeelako. Beldurragatik ere aldatu nituen ordutegiak. Aipatu beharra dut garai hartan Fernando Buesa eta eskolta Jorge Diez, José Luis López de Lacalle —gurekin afaltzera zetorren Zarautzera—, Durangoko PPko zinegotzi Jesús María Pedrosa etab. hil zituztela. Beldur nintzen eta kontuz ibiltzen nintzen”.
“Eskolta edukita ere, beldur nintzen, baina txikiagoa zen, haiek segurtasuna ematen dizutelako. Dena dela, Fernando Buesa, adibidez, bazuen eskolta… Beraz, arriskua han izan da beti. Hala ere, egia da, lasaitzen zara, arriskua, nolabait, txikiagoa delako, eta ETAkoek, heroiak ez zirenez, nahiago zuten helburu errazagoak finkatzea eskoltarik zutenak erasotzea baino. Beldurragatik ez nuen inoiz ihesaldirik gauzatu; hala ere, ondoren lasaitu nintzen, ezin zarelako hain mugatuta eta askatasunik gabe bizi. 2006ko su-etena iraun bitartean ihesaldi gehiago egin nituela gogoan dut”.
“Asteburuetan okerrago pasatzen nuen. Semea txikia zen eta berarekin irteten nintzen. Horretarako, bezperan
aurreikuspena egin behar nuen, eta oso zaila zen, ez bainekien hondartzara joango ginen, mendira irtengo ginen, pilotan jolastuko ginen edo zer egingo genuen. Dena aldez aurretik planifikatu behar genuen, eskoltak gurekin etor zitezen. Eta etorri baino lehen, eremua garbitu behar zuten, paperontziak errebisatu, autoen matrikulak ikusi…, horretarako, denbora behar zuten. Eguraldia aldatzen bazen, eta plana aldatzen bagenuen, etxetik irten ahal izateko, gutxienez, ordu eta erdi itxaron behar genuen. Hori dela eta, askotan kanpora irteten nintzen familiarekin, deskonektatzeko, Zarautzen egin ezin nituen zenbait gauza egin ahal izateko, gauza horiek oxigeno pixka bat ematen zidaten eta”.
“Herrian nuen bizitzari dagokionez, ez dut isolamendu berezirik sentitu, baina zenbait anekdota txar bizi izan ditut eskolta izateagatik. Esaterako, lorezain egiten nuen lan, eta komunitate batek nahiago izan zuen nirekin lan egiteari uztea. Ez zidaten arrazoirik argitu, baina bizilagun batzuek aitortu zidaten denbora joan ahala. Nire eskoltek bizilagunaren bati ere salaketa jarri zioten iraintzeagatik. Baina, oro har, Zarautzen ez dut neure buruarekiko errefusapenik sentitu, ezker abertzaleak zidan gorrotoa alde batera utzita”.
“Gogorrena, nire ustez, semearekiko bizikidetza-egoera zen, oso txikia baitzen. Zenbaitzuetan, eskutik heldu, eta parketik korrika irten behar izan dugu, eskoltek esaten zigutelako ezker abertzaleko norbait zetorrela eta alde egiteko, adibidez, manifestazioak egiten zituztenean. Une gogorrak ziren, haurra hartu eta alde egin behar genuen. Segurtasunagatik, ezin nintzen egunero semea eskolara jasotzera joan, errutinak aldatu behar nituen. Hainbeste aldaketarekin, semea nahasita zegoen, ez zuen egoera ulertzen. Aukera bakarra genuen: emazteak lan egiteari uztea. Eta lana utzi zuen semeaz arduratzeko. Horri esker, lasaitasuna eta segurtasuna ematen zion, bestela, ezinezkoa baitzen. Hortaz, soldata bat galdu genuen. Ez dakigu zer eragina duen horrek guztiak biktima izan garenon edo presiorik jasan dugunon senideengan, baina semeari, emazteari eta gurasoei nire mina eta bizipenak transmititu nizkien. Baziren zenbait gauza txiki, eta horiek bizitza zailtzen zidaten, bai niri bai ingurukoei”.
“Mehatxupeko egoera horren ondorioz, medikazioa hartu behar izan nuen. Garai batean, amesgaiztoak nituen, ezin nuen lorik egin. Ametsetan, hilko nindutela pentsatzen nuen. Bizitza errealean zentzuzkoago nintzen, eta norbaitek hil ahal ninduela jakinda ere, ez nuen uzte nik beste batzuek baino aukera handiago nuenik. Hori dela eta, laguntza psikologikoa eta tratamendua behar izan nuen urtebete baino gehiago. Horrek izaera aldatzen dizu, garratzago bihurtzen zara. Oso sentsazio txarrak dira. Eta ondoren kalera irten eta normaltasun itxura egin behar nuen. Indar-itxurak egiteak indar-ekintza izan zitekeen, presioaren eta mehatxuen bidez ez zutela ezer lortuko ikus zezaten. Ez dakit noiz arte iraun nezakeen modu hartan. Bizirik irten nintzenetako bat naizela uste dut. Poliziaren bidez, beharrezko neurriak eta mekanismoak jarri ditut bizirik irauteko. Batzuek ezin dute pasatu dutena kontatu”.
“Nahiko baiezkorra izan naiz beti. 2006ko su-etenean, dagoeneko, presio txikiago sentitu nuen; atentatu gutxiago gertatu ziren. Gainera, ETAk adierazi zuen ez zuela kargudun publikoen aurkako atentaturik egingo; dena dela, mehatxua egin zion Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritzari. Mezua kontraesankorra zen, baina neure alderdi baikorrari esker, psikologikoki lasaiago nengoen. Erlaxatuta nengoen, kontuz ibiltzen banintzen ere. Utzi behar izan nuen zaletasun bat berreskuratu nuen, mendira joatearena”.
“Komunikabide batetik deitu zidaten eta galdetu zidaten zer iruditzen zitzaidan ETAk egingo zuen adierazpena, jarduera armatuari utziko ziola, baina nik ibiltzera joan behar nuela erantzun nuen. Berdin jarraituko nuen, adierazpenak ez ninduen harrituta utzi ez zidan ezer berri ekarri; 2006ko su-etenarekin ez zidan gauza bera gertatu, aurkakoa baizik. Une hartan, dena amaituko zela uste nuen, eta
Madrilgo aireportuko atentatua, su-etena apurtu zuena, zaplastako handia izan zen niretzat. Kasu hartan, hasieran oso eszeptiko izan nintzen, ez nuen ilusiorik egin. Handik aurrera bai, beste bizitza bat dut, eta handik urtebetera eskolta izateari uko egin nion, ez bainuen behar. ETA ez zen arrisku bat, eta erradikal batekin errietaren bat baino ez zitzaidan gertatuko. Baina denbora joan ahala, horretarako beldurra ere gainditzen noa; hala ere, liskarren bat edo beste izan dut”.
“Nire ustez, ezker abertzalekoen artean banaketa handia dago: alde batetik, indarkeriaren alde eginez oker jokatu dutela uste dutenak eta damutu direnak daude eta, beste alde batetik, beste batzuk ez dira damutu, eta jarrera aldatu badute, egoeragatik izan da. Ez dut arazorik norbaitekin aritzeko baldin badaki egin duena gaizki dagoela. Halako jendearekin lan egin dezakegu zenbait gauzatan, ideologia aldetik ezberdin pentsatzen badugu ere. Baina jende askok uste du egin den guztia ondo dagoela”.
“ETAren atentatuaz eta mehatxuez gain, aurretik, ETAn militante izan nintzenean, muturreko eskuinaren —Batallón Vasco Español (BVE) eta Antiterrorismo ETA (ATE)— bi atentatu jasan nituen. Ez dut inoiz horri buruz hitz egiteko une egokia aurkitzen, baina ez da zerbait ezkutatu nahi dudalako”.
“Iparraldean ginela, gazteak ginen, eta prestatzeko ikastaroak egiten nituen, “Pertur” en garaia zen, 1975a. Baionatik zenbait kilometrotara kokatuta dauden baserrietan ginen, eta hirira joan ginen, “Txiki” eta Otaegiren fusilamentuen inguruko epaiketa salatzeko. Baserrietara itzultzerakoan, metraila-bolada bat bota ziguten, eta bi pertsona zauritu zituzten. Gidaria zen bat, baina arekara hurbildu zen eta ihes egin genuen. Amaiera izan zitekeen”.
“Beste atentatua 1975eko ekainaren 12an izan zen, Donibane Lohizuneko Anai Artea sozietatean. Telesforo Monzón eta Juan José Etxaberena zen. Garai hartan, Hego Amerikan ziren euskaldunen diruarekin kudeqatzen zen Anaia Artea. Etxe hartan, ikastaroak egiten genituen ETA politiko-militarrekoek, eta batzuk han bizi ziren. Arratsaldero joaten ginen hara, eta egun batean, kasualitatez, ikastaroa ez genuen egin, baina etxe hartan ginen. Lehergailua jarri zuten eta eztanda egin zuen; etxearen bestaldean ginen. Etxea suntsitu zuten. Gure gela ez zen erori une hartan, baina ikastaroena bai”.
“Horren ostean, edozein zarata entzun eta lurrean etzanda jartzen nintzen. Ez ziren nire aurka joan, baina bai errefuxiatu batzuen aurka. Beldurra sortu zidan. GALen atentatuak hasi zirenean, beldur handia nuen. Asko sufritu nuen GALen atentatuekin, eta kondenatu egiten nituen. Beldur handia nuen, mugatik haratago gertatu ziren atentatuak gogoratzen nituelako, zenbait pertsona hil baitzituzten. Terrorismoari terrorismoaren bidez aurka egiteko modu bat izan zen”.